«Esan israeldarrei: Norbaitek, israeldarra nahiz Israelen bizi den etorkina izan, seme-alabaren bat Molok jainkoari oparitan eskaintzen badio, heriotza-zigorra izango du: harrika hilko du herriko jendeak.
Neure aldetik, aurpegi emango diot horrelakoari eta herritik bota egingo dut, bere semea nahiz alaba eskaintzean nire santutegia kutsatu baitu eta nire izen santua profanatu.
neuk esku hartuko dut haren kontra eta haren familiaren kontra: bota egingo ditut herritik, bai bera, bai berarekin batera Moloki kultua emanez desleial izango zaizkidan guztiak.
«Norbait emakumeekin ohi bezala gizonezkoarekin oheratzen bada, higuingarritasuna egiten dute biek: heriotza-zigorra izango dute. Berena izango dute heriotzaren errua.
«Norbait emakume batekin eta beronen amarekin ezkontzen bada, itsuskeria egiten du: erre egingo dituzte bera eta bi emakumeak. Ez da horrelako itsuskeriarik izango zuen artean.
«Norbait bere arrebaordearekin, aitaren nahiz amaren alabarekin, ezkontzen bada eta sexu-harremanak badituzte, lotsagarrikeria egiten dute eta herriaren begi-bistan zigortuko dituzte. Bere arrebaordearekin sexu-harremanak dituenak bere erruaren ondorenak jasan beharko ditu.
«Norbaitek hilerokoa duen emakumearekin oheratu eta sexu-harremanak baditu, agerian jartzen du —eta emakumeak berak ere bai— odoljarioaren iturria. Beraz, herritik bota egingo dituzte.
«Ez izan sexu-harremanik ez aitaren arrebarekin, ez amaren ahizparekin. Odol berekoak direnez gero, beren erruaren ondorenak jasan beharko dituzte biek.
Zuei, berriz, haien lurraldearen jabe izango zaretela hitzeman dizuet. Neuk emango dizuet jabetzan eztia eta esnea darizkion lurralde hori. «Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, beste herrietatik bereizi zaituztena.
Beraz, zuek ere bereizi egingo dituzue abere garbiak kutsatuetatik, hegazti garbiak kutsatuetatik. Ez dezazuela bihur zeuen burua higuingarri, abereak, hegaztiak eta narraska dabiltzan piztiak direla eta; neuk egin dut bereizketa, kutsatuak zein diren jakin dezazuen.
«Nekromante- edo igarle-lanbidea duen gizonak nahiz emakumeak heriotza-zigorra izango du: harrika hilko dituzte. Berena izango dute heriotzaren errua».