Zin hau egin du Jaunak bere santutasunagatik: «Badatoz egunak, arrainak amuz bezala, kakoan loturik eramango zaituztetenekoak; eraman, baita gelditutako bakarrak ere.
Honela dio Jainko Jaunak: «Zoazte Betelgo santutegira nire kontra errebelatzeko, eta Gilgalera zuen errebeldiak ugaritzeko; eskaini goizero zeuen sakrifizioak, eta hiru egunero hamarrenak;
«Euria ukatu dizuet uztaroa baino hiru hilabete lehenagotik ere; hiri batean euria eginarazi dut eta bestean ez; etxalde batek euria hartu du, eta bestea, euririk ezean, lehortu egin da.
«Haize erreaz eta gorrinaz jo ditut zuen baratze eta mahastiak; pikondo eta olibondoak matxinsaltoak jan ditu. Hala ere, ez zarete niregana itzuli. Nik, Jaunak, esana.
«Izurria bidali dut zuengana Egiptokoaren antzekoa. Zuen gazteak ezpataz hilarazi ditut eta zuen zaldiak etsaien esku utzi. Zuen sudurretaraino igoarazi dut hildakoen kiratsa, guda-kanpalekuetan. Hala ere, ez zarete niregana itzuli. Nik, Jaunak, esana.
«Irauli egin zaituztet, Sodoma eta Gomorra irauli nituen bezala; sutatik ateratako ilintiaren antzera libratu zarete. Hala ere, ez zarete niregana itzuli, Nik, Jaunak, esana.
Jainkoa da mendiak eratu dituena, eta haizea sortu duena, gizakiari bere burubideak agertzen dizkiona, ilunpea egunsenti bihurtzen duena, mundu guztiaren gainetik dagoena. Jauna du izena, Jainko ahalguztiduna.