—Zer ikusten duzu, Amos? —galdetu zidan. —Saskia bete fruitu heldu —erantzun nion. Jaunak esan zidan: —Bai, heldua da amaiera nire herri Israelentzat. Ez dut gehiago ez ikusiarenik egingo.
Zeuen baitan diozue: «Noiz amaitu behar ote du ilberri-jaiak, laborea saltzeko? Noiz larunbatak, garia salmentan ateratzeko? Neurria txikiagotu eta prezioak handituko ditugu, okerreko pisuak erabiliz.
Horrekin guztiarekin, lurra bera ere ez ote da dardaratuko? Bizilagunek ez ote dute dolurik egingo? Lur osoa Nilo ibaia bezala haziko da, Egiptoko ibaiaren antzera puztu eta hustuko da.
Zuen jaiak dolu bihurtuko ditut, zuen abestiak negar-kantu; dolu-jantziz estaliko zaituztet, eta zuen buruak soilduko ditut. Seme bakarraren heriotzakoan bezain gogorra egingo dut zuen samina. Honen guztiaren amaiera benetan garratza izango da».
Honela dio Jainko Jaunak: «Hara, badatoz egunak: lurrera gosea bidaliko dut; ez ogi-gosea, eta ez ur-egarria, Jaunaren hitza entzuteko gose-egarria baizik.
Samariako sasijainkoen izenean zin egiten dutenak, “Gora zure jainkoa, Dan! Gora Beer-Xebako ahaltsua!” esanez, erori egingo dira, berriro ez jaikitzeko».