Lurrak gutiziatzen dituztela? Lapurtu egiten dituzte. Etxeak irrikatzen dituztela? Hartu egiten dituzte. Indarrez hartzen dute nagusia, bere familia eta etxaldearekin.
Horregatik, honela dio Jaunak: «Hara, zorigaitza darabilt gogoan jende horren kontra; ezin izango dute handik lepoa atera, ezta burua tente ibili ere, zorigaitz-egunak izango baitira».
Egun hartan, bertsoak aterako dizkizuete, eta eresi hau kantatuko: «Zeharo larruturik gaude! Jaunaren herriaren ondarea arrotzen eskuetara joan da; nolatan kendu diote gero? Sinesgabeen artean banatzen dituzte gure soroak».
Baina Jaunak honela dio: «Lehen nire herria etsaiaren aurka jaiki ohi zen; orain, soingainekoa kentzen diezue, gerratik itzultzean, lasai igarotzen direnei.
Eman dezagun, “Ardoa eta pattarra ugari emango dizut” esaka ari dela norbait; horrelako mezu hutsal eta gezurrezkoa lekarkeena izango litzateke herri honek merezi duen profeta!
«Oso-osorik bilduko zaitut, Jakoben herri; batu egingo ditut, Israel, zure baitan bizirik geldituak. Ardiak eskortan bezala, artaldea barrutian bezala, batuko zaituztet, eta berriro entzungo da jendearen zarata-hotsa ».