Egizu intziri, zipres horrek, zedroa erori egin baita, soildu egin dituzte zuhaitzik garaienak; egin intziri, Baxango arteok, erori egin baita oihan trinkoa.
Erosleek errudun sentitu gabe hiltzen dituzte; saltzaileek, berriz, honela diote: “Bedeinkatua Jainkoa! Aberasten ari naiz!” Artzainek berek ere ez dute ardien errukirik.
Nik ere ez dut errukirik izango lurraldeko bizilagunekin. Hala diot nik, Jaun honek. Gizakia, nor bere artzainaren eta erregearen esku utziko dut; erregeek lurraldea erraustuko dute, eta ez dut inor aterako haien eskuetatik».
Orduan, tratulariek hiltzeko zeuzkaten ardien artzain bihurtu nintzen. Bi makila hartu nituen: batari «Edertasun» ezarri nion izena, eta besteari «Batasun», eta artzain hasi nintzen.
Orduan, esan nien: «Ez dut jarraitu nahi zuek larratzen. Hil behar duena, hil dadila! Galdu behar duena, gal dadila! Geratzen direnek, jan dezatela elkar!»
Jaunak esan zidan: «Begira nolako prezioa ezarri dioten nire buruari. Eramazkiozu tenpluko urtzaileari ». Hartu nituen, bada, hogeita hamar txanponak, eta tenpluko urtzaileari eraman nizkion.
Izan ere, neuk jarriko dut herrian artzain bat; ez du ardi galduen ardurarik izango, ez da aldenduen bila ibiliko; ez ditu zaurituak sendatuko, ezta osasuntsuak bazkatuko ere; gizenduak jan egingo ditu eta apatxak ere atera egingo dizkie».
Bai errukarria artzain arduragabea, artaldea bertan behera uzten duena! Ezpata haren besoaren aurka, haren eskuineko begiaren aurka! Ihartu bekio besoa! Itsutu bekio eskuineko begia!