Behin batean, kexa bizian ari zen herria. Entzutean, biziki haserretu zen Jauna. Lehertu zen haren haserre-sua herriaren aurka eta kanpaleku-ingurua erabat erre zuen.
Israeldarrekin elkartu zen arrotz-jendeari jateko gogoa bizkortu zitzaion, eta israeldarrak negarrez hasi ziren haiekin batera, esanez: «Haragi pixka bat bagenu behintzat!
Banatu egin ohi zen herria mana biltzeko, eta, errotan eho edo motroiloan xehatu ondoren, lapikoan egosi eta olio-opilen gustuko opilak egiten zituzten.
Aditu zuen Moisesek herria, senitarteka bildurik, nor bere etxolaren sarreran negarrez ari zela. Jauna haserre-sutan zegoen; Moises ere mindurik zegoen,
Nik sortu ote dut, bada, herri hau? Nik ekarri ote mundura, esan diezadazun: «Hartzazu lepoan, inudeak haurtxoa bezala, eta eraman arbasoei hitzemandako lurraldera »?
Jaunak erantzun zion Moisesi: —Bildu hirurogeita hamar herri-arduradun israeldar, zure iritziz herrian agintea eta gidaritza dituztenak, ekarri elkarketa-etxolara eta beude han zurekin.
Jaitsi eta han mintzatuko natzaizu eta, zuk duzun espiritutik harturik, haiengan isuriko dut, herria gidatzen lagun diezazuten. Horrela ez zara bakarrik izango.
Eta herriari hau esango diozu: «Egin garbikuntza biharko, haragia izango baituzue jateko. Aditu ditu Jaunak zuen negarrak, “Haragi pixka bat jango bagenu behintzat! Hobeto geunden Egipton!” esaten zenutenean. Hara, bada! Emango dizue Jaunak haragia.
hilabete osoan jango duzue, nazkatzeraino jan ere, sudurretatik atera dakizuen arte. Hori, zuen artean bizi den Jauna baztertu duzuelako eta haren aurrean negarrez jardun duzuelako, esanez: “Zergatik irten ote ginen Egiptotik?”»
Etxolatik irtenda, Jaunak esana kontatu zion Moisesek herriari. Gero, hirurogeita hamar herri-arduradun israeldarrak bildurik, etxola inguruan jarri zituen.
Orduan, Jauna jaitsi zen lainoan eta Moisesekin mintzatu zen; gero, Moisesek zuen espiritutik hartu eta hirurogeita hamar herri-arduradunei isuri zien. Espiritua haiengan kokatu orduko, profeta gisa hasi ziren mintzatzen, baina ez zuten jarraitu.
Bi gizaseme, bata Eldad izenekoa eta bestea Medad, hirurogeita hamarren taldekoak izan arren, ez ziren etxolara joan, baizik eta kanpalekuan gelditu ziren. Baina kokatu zen espiritua haiengan ere eta profeta gisa hasi ziren mintzatzen.
Jaunak haizea atera zuen, eta haizeak, itsasaldetik joz, galeper-multzoa ekarri eta kanpaleku inguruan bota zuen: egun bateko bidea adinako luze-zabala estali zuten galeperrek kanpalekuaren inguru osoan, metro bat lodiko galeper-piloa zegoelarik.
Egun eta gau osoa eta biharamun osoa eman zuen herriak galeperrak biltzen. Gutxien jaso zuenak hamar gurdikada bildu zuen. Eta kanpalekuaren inguru osoan ezarri zituzten, lehortzeko.