Gizon horiek beren bekatuagatik bizia galdu badute ere, errautsontziak sagaratuak daude, nire aurrean intsentsua eskaintzeko erabili izan direlako. Egin errautsontzi horiekin aldarea estaltzeko xaflak; horrela, oharpide izango dira israeldarrentzat».
Israeldarrentzat oroigarri zen hori, Aaronen ondorengo ez zen inor Jaunaren aurrean intsentsua erretzera hurbil ez zedin ohartarazteko; horrela, ez zitzaien gertatuko Koreri eta beronen taldekoei gertaturiko ezbeharra, Jaunak Moisesen bitartez aldez aurretik adierazitakoa.
Elkartea Moises eta Aaronen aurka biltzen ari zen. Hortan, elkarketa-etxolarantz begiratzean, lainoak estalia zuela ikusi zuten eta Jauna agertu zen aintzaz beterik.
eta Moisesek esan zion Aaroni: «Hartu zeure errautsontzia, ipini bertan aldareko txingarrak eta bota gainean intsentsua; zoaz arin elkartera eta egizu haien aldeko barkamen-ohikunea, Jaunaren haserrea piztu baita eta hasia da izurria».
Moisesek agindu bezala, Aaron errautsontzia hartu eta korrika joan zen bildua zegoen elkarteagana. Egiaz, ordurako hasia zen izurria herrian zabaltzen. Aaronek intsentsua ipini eta herriaren aldeko barkamen-ohikunea egin zuen,
Biharamunean, joan zen Moises itun-etxolara eta Lebiren leinuari zegokion Aaronen makila ernamuindua ikusi zuen: ernamuindua eta loratua zegoen eta almendra helduak zituen.
Jaunak esan zion Moisesi: «Ipini berriro Aaronen makila itun-agiriaren aurrean eta gorde bertan herri errebelde honentzat oharpen gisa. Horrela, bukatuko dira nire aurkako haien marmarrak, eta ez dira hilko».