Beraz, limosna egitean, ez ibili turuta joka, itxurazaleek sinagogetan eta kaleetan egin ohi duten bezala, jendearen txaloak irabazteko. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina.
«Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek bezala: gogoko dute sinagoga eta plazetan zutik otoitz egitea, jendearen agerian. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina.
Zu, ordea, otoitz egiteko, sar zaitez zeure gelan, itxi atea eta egin otoitz ezkutuan dagoen zeure Aitari, eta ezkutukoa ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.
«Barau egitean, ez zaitezte ager kopetilun, itxurazaleek ohi duten bezala: aurpegia itsusten dute, barau egiten dutela jendeari azaltzeko. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina.
«Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
«Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago?
Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek?