Elbarri bat ekarri zioten, ohatilan etzana. Jesusek, lagun haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari: —Izan bihotz, seme! Barkatuak dituzu bekatuak.
Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena. Eta esan zion elbarriari: —Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera.
Jesusek, handik atera eta bidez zihoala, Mateo zeritzan gizon bat ikusi zuen zergak biltzeko mahaian eseria, eta esan zion: —Jarraitu niri. Mateok zutitu eta jarraitu egin zion.
Behin batean, Joan Bataiatzailearen ikasleek Jesusengana joan eta esan zioten: —Nolaz egiten dugu fariseuek eta guk hainbeste barau eta zure ikasleek ez?
Jesusek erantzun zien: —Ezteietara deituak egon ote daitezke goibel, senar berria berekin dutelarik? Etorriko zaie, bai, senar berria kenduko dieten eguna; orduan egingo dute barau.
Zahagi zaharretan ere ez da ardo berririk sartzen; bestela, zahagiak lehertu egingo lirateke, eta ardoa isuri eta zahagiak galdu. Ez! Ardo berria zahagi berrietan sartzen da, eta batak eta besteak irauten dute».
Jesus honela ari zitzaiela, buruzagietako bat etorri zitzaion eta, ahuspezturik, esan zion: «Hil berria dut alaba; baina zatoz hari eskua ezartzera, eta biziko da».
Jesus herri eta auzo guztietan barrena ibili zen, sinagogetan irakasten. Jainkoaren erregetzaren berri ona hots egiten zuen eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzen.