Izan ere, nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; han eta hemen lurrikarak eta goseteak izango dira. Hori guztia erdiminen hasiera da.
«Kontu izan zeuen buruarekin! Auzitegi eta sinagogetara eramango zaituztete eta zigortu egingo; agintari eta erregeen aurrean jarriko zaituztete niregatik, eta aitorpen egingo duzue haien aurrean.
«Auzitegira zaramatzatela, ez egon zer esango duzuen kezkatan; une hartan bertan Jainkoak adieraziko dizuena, esan huraxe, ez baitzarete zuek mintzatuko, Espiritu Santua baizik.
Zeren egun haiek egun larriak izango baitira; ez da horrelako larrialdirik izan Jainkoak sortu zuen mundu honen hasieratik orain arte, ezta izango ere.
Eta Jaunak aldi hori laburtuko ez balu, ez litzateke inortxo ere bizirik aterako; baina, berak hautatu dituen aukeratuak direla eta, laburtu egingo ditu egun horiek.
Izan ere, gezurrezko mesiasak eta sasiprofetak agertuko dira eta aukeratuak berak ere, ahal balitz, engainatzeko moduko mirariak eta egintza harrigarriak egingo dituzte.