Baina jendetzagatik ezin zuten eraman Jesusenganaino. Orduan, bera zegoen parean etxe gaina zulatu eta zulotik behera eraitsi zuten elbarria, etzana zegoen ohatilan.
Berehala jaiki, ohatila hartu eta guztien aurrean atera zen. Harriturik gelditu ziren denak, eta Jainkoa goresten zuten, esanez: «Ez dugu sekula horrelakorik ikusi».
Geroago, Lebiren etxean zegoen Jesus mahaian; bazen beste zergalari eta bekatari asko ere Jesusekin eta honen ikasleekin mahaian; izan ere, asko zihoazkion ondoren.
Behin batean, Joanen ikasleek eta fariseuek barau-eguna zuten. Jesusengana joan eta esan zioten: —Nola egiten dugu barau Joanen ikasleok eta fariseuok, eta zure ikasleek ez?
Jesusek erantzun zien: —Ezteietara deituek egin ote dezakete barau senar berria berekin dutelarik? Senar berria berekin duten bitartean, ezin dezakete baraurik egin.
«Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten; bestela, adabaki berriak jantzi zaharra behartu eta zarratada handiagoa egingo luke.
Zahagi zaharretan ere ez du inork ardo berririk sartzen; ardoak zahagiak lehertu egingo lituzke eta, orduan, ez ardo eta ez zahagi. Ardo berriarentzat zahagi berriak!»
Nola, Abiatar apaiz nagusi zela, Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskainiriko ogiak jan zituen, legez apaizek bakarrik jan zitzaketenak, eta nola berarekin zeudenei ere eman zien?