Jesus beraiekin joan zen. Etxera hurbilduxea zela, lagun batzuk bidali zizkion ehuntariak esatera: «Ez hartu nekerik, Jauna, ni ez bainaiz inor zu nire etxean sartzeko.
Neuk ere, menpekoa izanagatik, soldaduak ditut menpean, eta batari joateko agintzen badiot, joan egiten da, besteari etortzeko agindu eta etorri, morroiari zerbait egiteko esan eta hala egiten du».
Hau entzutean, Jesus harritu egin zen hartaz eta, ondoren zetorkion jendearengana itzulirik, esan zuen: «Egia esan, Israelen bertan ere ez dut aurkitu horrelako sinestedunik».
Denak beldurrak hartu zituen, eta Jainkoa goresten zuten, esanez: «Profeta handi bat sortu da gure artean». Baita ere: «Jainkoa bere herria salbatzera etorri da ».
Joan ziren, bada, haiek Jesusengana eta esan zioten: —Joan Bataiatzaileak bidali gaitu zuri galdetzera: «Zu al zara “Etortzekoa” ala besteren baten zain egon behar dugu?»
Ondoren, mandatariei erantzun zien: —Zoazte eta esan Joani ikusi eta entzun duzuena: itsuek ikusi egiten dute, herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira eta behartsuei berri ona ematen zaie.
Joanen mandatariek alde egin zutenean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi zitzaion jendeari: «Zer ikustera irten zineten basamortura? Haizeak kulunka darabilen kanabera?
Plazan eseriak dauden mutikoen antzeko dira, honela ari baitzaizkio elkarri: “Jo dizuegu txistua eta zuek dantzarik ez; hiletak jo eta zuek negarrik ez”.
Hartan, emakume bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zela jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala.
Hau ikustean, gonbidatu zuen fariseuak bere baitan zioen: «Benetan profeta balitz, jakingo luke zer-nolakoa den ukitzen ari zaion emakumea, bekataria alegia».
Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan zion: —Ikusten al duzu emakume hau? Zure etxean sartu naizenean, ez didazu oinak garbitzeko urik eskaini; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu.
Beraz, hau diotsut: Bekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badu, Jainkoak barkatu dizkion seinalea da; gutxi barkatzen zaionak maitasun gutxi agertzen du.