Zaudete niri itsatsiak, ni zuei bezala. Aihenak, mahatsondoari itsatsia ez badago, fruiturik eman ezin duen bezala, ezta zuek ere, niri itsatsiak ez bazaudete.
Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet.
Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, neuk zintuztedan zuek aukeratu. Eta eginkizun hau eman dizuet: edonon fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela. Nire izenean Aitari eskatuko diozuen guztia, eman egingo dizue.
Mundukoak bazinete, munduak maite izango zintuzkete, nork berea maite duen bezala; baina nik aukeratu eta mundutik atera zintuztedanez, munduak gorroto dizue, mundukoak ez zaretelako.
Gogoratu esan nizuena: morroia ez da nagusia baino handiago. Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztete; nire mezua nola hartu, hala hartuko dute zuena ere.
Beraien artean beste inork ez bezalako egintzak egin ez banitu, ez ziren errudun izango; baina orain ikusi dituzte, eta halere niri eta Aitari, bioi digute gorroto.