Honela mintzatu ondoren, Jesusek begiak zerurantz jaso eta esan zuen: «Aita, heldu da ordua. Azal ezazu zeure Semearen aintza, Semeak zure aintza azal dezan.
Niri eman dizkidazun irakatsiak eman dizkiet nik, eta hauek onartu egin dituzte. Eta benetan dakite zuregandik etorri naizela, baita sinetsi ere zuk bidali nauzula.
«Ez naiz aurrerantzean munduan egongo; hauek, ordea, bai, munduan jarraituko dute. Ni zuregana noa. Aita santu horrek, zaindu zeure ahalmenaz zuk eman dizkidazunok, bat izan daitezen gu geu bat garen bezala.
Hauekin izan naizen bitartean, neuk zaindu ditut eman dizkidazunok. Hauen ardura izan dut eta hauetako bat ere ez da galdu, galdu behar zuena baizik; horrela, Liburu Santuek diotena bete da.
Egizu guztiak bat izan daitezela. Aita, zu nirekin eta ni zurekin biok bat garen bezala, hauek ere bat izan daitezela gurekin. Horrela, munduak sinetsiko du zuk bidali nauzula.
ni hauekin bat eta zu nirekin bat. Horrela, guztiz bat izango dira, eta munduak ezagutu ahal izango du zuk bidali nauzula eta ni neu maitatu nauzun bezala maitatu dituzula berauek ere.
Aita, zuk eman dizkidazunak ni nagoen lekuan nirekin egotea nahi dut, nire aintza, mundua sortu aurretik maite izan nauzulako eman didazun aintza, ikus dezaten.