Judas, beraz, tenpluko gudari-taldea eta apaizburu eta fariseuen guardiak harturik, hara joan zen. Armaturik eta zuzi eta argiontziz horniturik zihoazen.
Simon Pedro eta beste ikasle bat Jesusen ondoren joan ziren. Ikasle hau apaiz nagusiaren ezaguna zen, eta Jesusekin batera sartu zen apaiz nagusiaren jauregiko patiora;
Pedro, ordea, kanpoan gelditu zen, ate ondoan. Atera zen, orduan, apaiz nagusiaren ezaguna zen ikaslea eta, atezainari hitz egin ondoren, Pedro sarrarazi zuen.
Jesusek erantzun zion: —Ageri-agerian hitz egin izan diot nik mundu guztiari; sinagogetan eta tenpluan irakatsi izan dut beti, judu guztiak biltzen diren lekuan, eta ezer ere ez dut ezkutuan esan.
Bitartean, Simon Pedro sutondoan zegoen berotzen, eta galdetu zioten: —Ez al haiz hi ere horren ikasleetakoa? Hark ukatu egin zuen, esanez: —Ez, ez nauk.
Kaifasenetik gobernariaren jauregira eraman zuten Jesus. Goizaldea zen. Judu-agintariak ez ziren sartu jauregira, ez kutsatzeko, ezin izango baitzuten bestela Pazko-afarian parte hartu.
Jesusek erantzun: —Nire erregetza ez da mundu honetakoa. Nire erregetza mundu honetakoa balitz, nire jendeak borroka egingo zuen ni judu-agintarien menpe ez erortzeko; nire erregetza, ordea, ez da hemengoa.
Orduan, Pilatok esan zion: —Beraz, errege zara zu? Jesusek erantzun zion: — Errege naiz, zeuk diozun bezalaxe. Horretarakoxe jaio eta etorri naiz mundura: egiaren testigantza egitera. Egiarena denak entzuten du nire ahotsa.
Pilatok galdetu zion: —Egia, zer da egia? Hori esanik, Pilatok berriro irten eta judu-agintariei esan zien: —Nik ez dut gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen.