Ikusi zutenean, apaizburuak eta guardiak oihuka hasi ziren: —Gurutzera, gurutzera hori! Pilatok esan zien: —Eraman zeuek eta gurutziltzatu; nik ez dut gizon hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen.
Jesusek erantzun zion: —Ez zenuke nire aurka batere aginpiderik izango, Jainkoak eman ez balizu; horregatik, zure eskuetara eman nautenek bekatu handiagoa dute.
Ordudanik, Jesus askatu nahian zebilen Pilato. Baina judu-agintariak oihuka hasi zitzaizkion: —Hori askatzen baduzu, ez zara enperadorearen adiskide; bere burua errege egiten duen oro enperadorearen aurka ari da.
Orduan, haiek oihuka: —Kendu hori, kendu! Gurutzera! Pilatok, berriro: —Zuen erregea behar al dut gurutziltzatu? Apaizburuek erantzun zuten: —Ez dugu enperadorea beste erregerik.
Soldaduek, Jesus gurutziltzatu ondoren, haren jantziak hartu eta lau zati egin zituzten, bakoitzarentzat bana; gero tunika hartu zuten, baina josturarik gabea zenez, goitik behera ehundua,
akordio hau hartu zuten: «Ez dezagun urra; zotz egin dezagun ea zeini egokitzen zaion». Honela, Liburu Santuak dioena bete zen: Nire jantziak banatzen dituzte, nire tunika zotz egiten. Hain zuzen ere, horixe egin zuten soldaduek.
Pazko-jairako prestaketak egiteko eguna zen, eta judu-agintariek ez zuten nahi gorpuak larunbatez gurutzean gelditzerik, larunbat hura oso jaiegun handia baitzen. Horregatik, gurutziltzatuei berna-hezurrak hautsi eta handik kentzeko eskatu zioten Pilatori.
Jose Arimateakoak Jesusen gorpua eramateko baimena eskatu zion Pilatori. Jose Jesusen ikasleetakoa zen, baina isilpean, judu-agintarien beldurrez. Pilatok baimena eman zion, eta Josek joan eta eraman egin zuen haren gorpua.