Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».
Jesusek esan zion: —Emakume, zergatik ari zara negarrez? Noren bila zabiltza? Hark, baratzezaina zelakoan, esan zion: —Jauna, zuk eraman baldin baduzu, esadazu non ipini duzun, eta neuk jasoko dut.
Jesusek esan zion: —Utz nazazu, oraindik ez bainaiz igo Aitarengana. Ea, zoaz nire senideengana eta esaiezu neure eta zuen Aitarengana noala, neure eta zuen Jainkoarengana.
Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten: —Jauna ikusi dugu. Tomasek erantzun zien: —Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, esan zion Tomasi: —Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.