Antiokiako eliz elkartean bazen zenbait profeta eta irakasle, hala nola, Bernabe, Simeon —izengoitiz Beltza—, Luzio Zirenearra, Manaen —umetan Herodes erregearekin batera hazia— eta Saulo.
Behin, barau-egunez, Jaunaren kultu-ospakizun batean zeudela, Espiritu Santuak honela esan zien: «Bereizi niretzat Bernabe eta Saulo, nik dei egin diedan egitekorako».
Uhartean gobernatzen zuen Sergio Paulo kontsulordearen ingurukoa zen. Kontsulordea zentzuzko gizona zen, eta Bernaberi eta Saulori deitu zien, Jainkoaren mezua entzun nahirik.
Hor duk, bada, gainean Jaunaren zigorra: itsu geldituko haiz eta ez duk aldi batean eguzkiaren argirik ikusiko». Eta bertan, ilunperik beltzenean gelditu zen Elimas, eta itsumustuka zebilen, eskutik nork eramango.
Legearen eta profeten irakurgaiak egin ondoren, sinagogako buruzagiek ohar hau bidali zieten: «Anaiok, herriari adore emateko zerbait esateko baldin baduzue, mintza zaitezte».
Israel herriaren Jainkoak gure arbasoak aukeratu zituen, Egiptoko atzerrian bizi zirela herri handi bihurtu eta, ondoren, ahalmen handiz atera zituen handik.
Gero, Saul kendu eta David jarri zuen errege, eta aitorpen hau egin zuen honetaz: “David, Jeseren semea, aurkitu dut neure gogoko gizon; nik nahi guztia egingo du honek”.
Eta bizitzaren azken aldera, honela zioen Joanek: “Ni ez naiz zuek uste duzuena; badator nire atzetik beste bat, eta ni ez naiz inor horri oinetakoak askatzeko ere”.
Jerusalemdarrek eta beraien agintariek ez zuten Jesus aintzat hartu eta, berau kondenatuz, larunbatero sinagogan irakurtzen dituzten profeziak bete zituzten.
guretzat, haien ondorengoontzat, bete duela Jainkoak, Jesus hildakoen artetik piztuz. Hala dago idatzia bigarren Salmoan: «Nire semea zara zu, gaur zaitut nik sortu.
«Eta heriotzara gehiago ez itzultzeko piztu duela hildakoen artetik, honela zuen esana Jainkoak: Davidi eginiko agintzari santu eta fidagarriak beteko dizkizuet.
«Baina David, bere aldian Jainkoak emandako egitekoa zintzoki bete ondoren, hil egin zen eta bere arbasoekin bildu; usteldu egin zen, bada, haren gorputza.
«Ikusazue, harro sinesgogorrok, harri zaitezte eta desagertu betiko! Egintza harrigarri bat egingo baitut zuen egunotan, inork kontatuko balizue sinetsiko ez zenuketena».
Batzarra banatu zenean, judu eta juduberri jainkozale asko Paulo eta Bernaberekin joan ziren; hauek Jainkoaren dohainari atxikirik irauteko adore ematen zieten beren hitzez.
Orduan, Paulok eta Bernabek ausarki esan zuten: «Zuei adierazi behar genizuen lehenengo Jainkoaren mezua! Baina mezua baztertu eta zeuen buruak betiko bizirako gai ikusten ez dituzuenez gero, jentilengana joko dugu.
Baina juduek andere handiki jainkozaleak eta hiriko jauntxoak berotu zituzten, eta Pauloren eta Bernaberen aurka erasoaldi bat sortu eta beren lurraldetik kanpora bota zituzten.