Larunbatean, hiritik kanpora atera eta ibai ondora joan ginen, han juduen otoizleku bat zegoela uste baikenuen. Bertan eseri eta bilduak ziren emakumeei hitz egiten hasi ginen.
Bazen entzuleen artean Lidia izeneko emakume bat, izatez Tiatirakoa, purpurazko oihalen saleroslea; Israelen Jainkoa gurtzen zuen. Jaunak barrutik eragin zion, Pauloren hitzak gogoz onar zitzan.
Eta, bera eta beraren familia guztia bataiatu zirelarik, erregu hau egin zigun: «Jaunarengan egiaz sinesten dudala irizten badiozue, hartzazue ostatu, arren, nire etxean». Eta bere eskaintza onartzera behartu gintuen.
Otoizlekura gindoazen batean, neskatxa bat atera zitzaigun bidera: geroa igartzeko ahalmena ematen zion espiritu batek hartua zen, eta bere igarpenen bidez irabazi ederra ematen zien nagusiei.
Egun askotan egin zuen gauza bera, eta azkenean Paulok, gogaiturik, espirituari aurre egin zion, esanez: «Jesu Kristoren izenean, atera hadi emakume honengandik». Eta atera egin zen bat-batean.
Bat-batean, hain lurrikara gogorra izan zen, non kartzelaren oinarriei ere dar-dar eragin baitzien. Eta kolpetik ate guztiak zabaldu ziren eta denen kateak askatu.
Baina Paulok guardiei esan zien: —Gu, Erromako hiritar izanik, epaitu gabe denen aurrean zigorkatu eta kartzelan sartu gaituzte, eta orain ezkutuan nahi gaituztela atera? Ez horixe! Datozela beraiek gu ateratzera!