Eta Paulok esan zien: —Joanek bihozberritzearen ezaugarri zen bataioa ematen zuen, baina herriari beraren ondoren zetorrenagan, Jesusengan alegia, sinesteko esanez.
Baina batzuek beren burugogorkeriagatik ez baitzuten sinetsi nahi eta batzarraren aurrean kristau-bideaz gaizki-esaka ari baitziren, Paulok haiengandik alde egin eta ikasleekin talde berezia egin zuen. Egunero irakasten zuen Tirano zelako baten eskolan.
Harat-honat zebiltzan judu exortzista batzuk ere Jesus Jaunaren izenaz baliatzen hasi ziren, espiritu gaiztoak botatzeko. Honela esaten zieten: «Paulok hots egiten duen Jesusen izenean, irteteko agintzen dizuet!»
Bat-batean, espiritu gaiztodun gizonak gainera oldartu eta menpean hartu zituen denak, eta hain gogor eraso zien, ezen larrugorrian eta zauriturik ihes egin behar izan baitzuten etxe hartatik.
Efesoko bizilagun guztiek, judu eta greziar, izan zuten gertakari honen berri. Beldurrak harturik gelditu ziren denak eta Jesus Jaunaren izena handiesten zuten.
eta aztikeriatan ibilitako askok beren liburuak pila batean bildu eta denen aurrean erre zituzten. Egindako kontuen arabera, zilarrezko berrogeita hamar mila txanpon balio zuten liburuok.
Honen guztiaren ondoren, Jerusalemera joatea erabaki zuen Paulok Mazedonia eta Akaiatik igaroz. Eta han izan ondoren, Erromara ere joan behar zuela pentsatu zuen.
Bazen han Demetrio zeritzan zilargin bat. Artemisa jainkosaren tenpluko iruditxoak landu ohi zituen zilarrez, artisauei irabazi ederra ematen zielarik.
Eta ikusi eta entzungo zenuten, Paulo horrek, Efeson ez ezik, ia Asia probintzia osoan ere jendea franko pentsaeraz aldarazi duela, guk eskuz egiten ditugunak ez direla jainko sinestaraziz.
Gure lanbidearen izen ona galtzeko arriskuan gaude; areago, Artemisa gure jainkosa handiaren tenplua ere ezerezkotzat har dezaten arriskuan eta Asia probintzia osoak eta mundu guztiak gurtzen duen jainkosaren ospe handia erabat galtzeko arriskuan».
Hiri osora zabaldu zen nahasmendua, eta jende guztiak antzokirantz jo zuen zalapartan, Gaio eta Aristarko mazedoniarrak, Pauloren bidelagunak, berekin arrastaka eramanez.
Jendartetik Alexandro zelako bat atera zuten aurrera, juduek bultzaturik; honek, eskuaz isiltzeko keinu eginik, batzarrari argitasunak eman nahi zizkion.
Hiriko idazkariak, jendea baretu ahal izan zuenean, honela hitz egin zuen: «Efesoarrok, ba ote da inor ez dakienik Efeso hiria Artemisa jainkosa handiaren tenpluaren eta zerutik eroritako beraren irudiaren zaintzailea dela?
Eta Demetriok eta bere artisauek inoren kontra ezer badute, hor dituzte herriko auzitegiak eta kontsulordeak. Ager bitzate han elkarren aurkako salakuntzak.
Izan ere, gaurko honengatik matxinadaz sala gaitzakete, ez baitezakegu arrazoirik eman iskanbila hau zuritzeko». Hau esanik, bukatutzat eman zuen batzarra.