Orduan, Paulok esan zion: «Jainkoak joko zaitu, horma zuritu hori! Ni legearen arabera epaitzeko zaude hor eseria; nola hausten duzu legea ni jotzeko aginduz?»
Bai baitzekien batzuk fariseuak zirela eta besteak saduzearrak, honela esan zuen Paulok ozenki biltzarraren erdian: «Anaiok, ni fariseua naiz, fariseuen semea, eta hildakoen piztuera espero dudalako naukate auzitan».
Izugarrizko iskanbila sortu zen. Fariseuen alderdiko lege-maisu batzuek altxatu eta gogor esan zuten: «Ez dugu honengan errurik aurkitzen. Eta espiritu edo aingeruren batek hitz egin badio, zer?»
Sesioa gogortzen ari zen, eta gudalburuak, Paulo txikituko zuten beldurrez, gudari-taldeari jaisteko agindu zion, handik atera eta kuartelera eraman zezaten.
Hurrengo gauean, Jauna agertu zitzaion Paulori eta esan zion: «Izan bihotz! Jerusalemen nire testigu izan zaren bezala, halaxe behar duzu izan Erroman ere».
Orain, bada, zuek, biltzarrarekin elkar harturik, eskaiozue gudalburuari Paulo bihar zuengana ekartzeko, haren arazoa xehekiago aztertu nahiko bazenute bezala. Eta gu gertu egongo gara, hura bidean garbitzeko».
Eraman zuen, bada, ehuntariak gudalburuagana eta esan zion: —Paulo presoak deitu dit eta gazte hau zuregana ekartzeko eskatu; zerbait omen du zuri esateko.
Mutilak erantzun zion: —Juduak elkar harturik daude, bihar Paulo Biltzar Nagusira eraman dezazula zuri eskatzeko, haren arazoa xehekiago aztertzeko aitzakiaz.
Baina zuk ez sinetsi, berrogeitik gora gizonek zelata jarriko baitiote; zin egina dute ez dutela jango, ez edango, Paulo garbitu arte. Prest daude dagoeneko, zuk beraien eskabideari erantzun zain.
Gudalburuak, orduan, bi ehuntariri deitu eta agindu hauek eman zizkien: «Eduki itzazue prest gaueko bederatzietarako berrehun soldadu oinezko, hirurogeita hamar zaldizko eta berrehun lantzari, Zesareara joateko.
«Bidaltzen dizudan gizon hau juduek atxilotu zuten. Eta, hiltzera zihoazela, soldaduekin joan eta atera egin nuen haien eskuetatik, Erromako hiritarra zela jakinik.
Eta honen kontra zelata bat prestatua dutela jakin dudanez, zuri bidaltzen dizut lehenbailehen, aldi berean salatzaileei adierazten diedalarik zure aurrean agertu behar dituztela beren salakuntzak».