Festok ez zuen Jerusalemen zortzi/hamarren bat egun besterik egin, eta gero Zesareara jaitsi zen. Hurrengo egunean, auzi-mahaian eseri eta Paulo ekartzeko agindu zuen.
Paulok erantzun zion: —Enperadorearen auzi-mahai aurrean nago; hementxe behar dut izan epaitua. Nik ez diet juduei batere kalterik egin, zeuk ere ongi dakizun bezala.
Benetan errudun baldin banaiz eta heriotza merezi duen zerbait egin badut, ez diot heriotzari uko egingo. Baina nire kontra egiten dituzten salakuntzek funtsik ez badute, ez du inork eskubiderik ni horien eskuetara emateko. Enperadoreagana jotzen dut!
Nik erantzun nien, erromatarren artean ez dela ohitura inor errudun jotzea, lehenbizi bere salatzaileekin aurrez aurre hizketatu gabe, eta leporatzen zaionari buruz defendatzeko aukera eman gabe.
Beraz, nirekin Zesareara etorri ziren haiek eta, hurrengo egunean, batere luzapenik gabe, auzi-mahaian eseri nintzen eta gizon hori ekartzeko agindu nuen.
Biharamunean, beraz, Agripa eta Berenize etorri ziren ospe handiz eta entzutegian sartu ziren, gudalburuak eta hiriko handikiak berekin zituztela. Paulo ekartzeko agindu
eta honela mintzatu zen Festo: «Agripa errege eta gurekin zaudeten gainerako jaunok, hona hemen gizona. Judu guztiak, bai Jerusalemen eta bai hemen, bizia zor duela oihukatuz etorri zaizkit.
Ez dut, ordea, enperadore jaunari honetaz idazteko ezer garbirik. Horregatik ekarri dut zuen aurrera eta, batez ere, zure aurrera, Agripa erregea, hemengo galdeketaren ondoren zer idatzirik izan dezadan.