Bertakoek, haren eskutik piztia zintzilik ikustean, elkarri ziotsoten: «Segur aski, hiltzaileren bat da hori; itsasotik ihes egin du, baina Justizia jainkosak ez dio bizitzen uzten».
Haiek uste zuten Paulo berehala handitu eta hilda eroriko zela; egon ziren puska batean zain eta, ezer txarrik ez zitzaiola gertatzen ikusirik, iritziz aldatu eta jainkoa zela esaten hasi ziren.
Hain zuzen, Publioren aita ohean zegoen gaixo, sukarraz eta beherakoaz. Joan zitzaion Paulo ikustera eta, otoitz egin eta eskuak ezarririk, sendatu egin zuen.
Hango senideak, bai baitzuten gure berri, bidera atera zitzaizkigun Foro Apio eta Hiru Bentara. Haiek ikustean, Jainkoari eskerrak eman zizkion Paulok, eta gogoa bizkortu zitzaion.
Handik hiru egunera, Paulok judu buruzagiei dei egin zien eta, bildu zirenean, honela mintzatu zitzaien: —Senideok, ni, herriaren aurka edo geure arbasoen usadioen aurka deus ere egin gabe, preso egin eta erromatarren eskuetara eman ninduten Jerusalemen.
Haiek erantzun zioten: —Guk ez dugu Judeatik zuri buruzko eskutitzik jaso, eta ez zaigu seniderik etorri ere, zutaz berri txarrak emanez edo gaizki hitz eginez.
Izendatu zioten, beraz, egun bat, eta asko joan zitzaizkion bera zegoen etxera. Paulo Jainkoaren erregetzaren azalpena eta testigantza egiten jardun zitzaien goizetik arratsaldera eta, Moisesen legea eta profetak oinarri hartuz, Jesusen mezua sinestarazten ahalegindu zen.
Ez zetozen beren artean bat, eta, alde egitera zihoazela, Paulok azkenik esan zien: «Ederki asko esan zien Espiritu Santuak zuen arbasoei Isaias profetaren bidez:
Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak, gortu belarriak, itsutu begiak. Ez bezate beren begiez ikus, ez belarriez entzun, ezta buruaz ulertu ere, horrela niregana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan.