Tenpluko «Ate Eder » esaten zioten sarreran, jaiotzatik herrena zen gizon bat zegoen. Egunero ezarri ohi zuten han, tenplura sartzen zirenei limosna eskatzeko.
Herria biltzen ari zela ikustean, honela mintzatu zitzaien Pedro: «Israeldarrok, zergatik harritzen zaituzte gertatu den honek? Edo zergatik zaudete guri begira, gizon hau geure ahalmenaz edo erlijiotasunaz ibilarazi bagenu bezala?
« Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak, aintzaz bete du Jesus bere zerbitzaria, zuek agintarien eskuetara eman eta Pilatoren aurrean ukatu zenutena, honek askatzea erabaki zuen arren.
Bada, Jesusenganako sinesmenari esker, haren indarrak sendatu du zuek ezagutzen eta hemen ikusten duzuen gizon hau; Jesusek ematen duen sinesmenak ekarri dio osasun betea, denok ikus dezakezuenez.
Honek zeruan egon behar du oraindik, harik eta gauza guztiak eraberrituko diren garaia, Jainkoak antzinatik bere profeta santuen ahoz iragarria, iritsi arte.
Zeuentzako dituzue profeten agintzariak, baita Jainkoak zuen arbasoekin egin zuen ituna ere; hau esan baitzion Abrahami: Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut.
Lehenik zuentzat sorrarazi eta piztu du Jainkoak Jesus bere zerbitzaria, eta zuei bedeinkazioa ematera bidali du, zuetako bakoitza bere gaiztakerietatik aldentzen bada».