Damaskoko sinagogetarako gutunak eskatu zizkion, aurkitzen zituen kristau-bidearen jarraitzaileak, gizaseme nahiz emakume, Jerusalemera preso eraman ahal izateko.
Jaunak, ordea, esan zion: —Zoaz, neure zerbitzurako hautatua baitut gizon hori, bai jentilei eta haien erregeei, bai israeldarrei, nire izena ezagutaraz diezaien.
Joan zen Ananias eta, etxean sarturik, eskuak ezarri zizkion Saulori, esanez: «Anaia Saulo, Jaunak, bidean zentozela agertu zitzaizun Jesusek, bidali nau, berriro ikus dezazun eta Espiritu Santuaz bete zaitezen».
Entzuten zioten guztiak txunditurik gelditzen ziren eta zioten: «Ez al da, bada, hau Jerusalemen Jesus delako horri dei egiten diotenak halako amorruz pertsegitzen zituena? Eta ez al da etorri hona, hemengoak ere atxilotu eta apaizburuengana eramateko?»
Orduan, Bernabek Saulo berekin hartu eta apostoluei aurkeztu zien. Eta kontatu zien nola Damaskora bidean Saulok Jauna ikusi zuen, nola Jauna mintzatu zitzaion eta nolako ausardiaz hitz egin zuen Damaskon Jesusi buruz.
Bitarte hartan, Eliza bakean bizi zen Judea, Galilea eta Samaria guztian; Jaunarenganako leialtasunean bizi zen, eta finkatuz eta ugalduz zihoan, Espiritu Santuarengandiko adoreari esker.
Pedro berehala atera zen haiekin. Iritsi zenean, goiko gelara eraman zuten; emakume alargun guztiak negarrez hurbildu zitzaizkion eta Dorkas zenak egin ohi zizkien jantzi eta soingainekoak erakutsi zizkioten.
Pedrok denak irtenarazi zituen eta, belaunikaturik, otoitz egin zuen; gero, gorpura bihurturik, esan zuen: «Tabita, jaiki!» Hark begiak ireki zituen eta, Pedro ikustean, eseri egin zen.