Denetik jaten duenak ez dezala gutxiets zerbait jateari uzten diona, eta zerbait jateari uzten dionak ez dezala kondena denetik jaten duena, Jainkoak onartu egin baitu hau ere.
Nor zara zu zurea ez den morroia epaitzeko? Hura zutik ala eroria dagoen, nagusiaren arazoa da; eta zutik iraungo du, ahaltsua baita Jauna berari zutik eusteko.
Halako egunari garrantzi berezia ematen dionak Jaunarengatik ematen dio; denetik jaten duenak Jaunarengatik jaten du, Jainkoari eskerrak ematen baitizkio; jateari uzten dionak ere Jaunarengatik ez du jaten, eta honek ere eskerrak ematen dizkio Jainkoari.
Nik badakit eta ziur nago —Jesus Jaunak esan izan baitzuen— ez dela ezer ere berez kutsatua denik; kutsatutzat hartzen duenarentzat bakarrik bihurtzen da zerbait kutsatu.
Baina zerbait jateagatik zeure senideari min ematen badiozu, ez zabiltza maitasunaren bidetik. Janariak gorabehera, ez dadila zure senidea gal, Kristo harengatik hil baitzen.
Gorde zeuretzat, Jainkoarekiko zeure harremanetarako, sinesmenak ematen dizun askatasun hori. Zorionekoa bere burua errudun sentitu gabe bere aukerak egiteko gauza dena!
Zilegi ote den ala ez zalantzan dagoela jaten duena, berriz, errudun da, ez baitu jokatzen berak uste duenaren arabera. Eta norberak uste duenaren arabera ez jokatzea bekatu da.