Horregatik, zeure burua epaile egiten duzun horrek, zarena zarela, ez duzu aitzakiarik. Besteak epaituz, zeure burua kondenatzen duzu, zeuk, epaile horrek, gauza berberak egiten baitituzu.
Edota gutxietsi egiten al dituzu Jainkoaren neurrigabeko bihotz ona, eroapena eta pazientzia, beraren bihotz onak bihozberritzera gonbidatzen zaituela ahazturik?
Moisesen legepean egon gabe bekatu egin dutenak, galdu ere, legerik gabe galduko dira; eta legepean egon eta bekatu egin dutenak legearen bidez izango dira epaituak;
Begira, jentilek, Moisesen legea ezagutu gabe ere, legeari dagokiona berez egiten dutenean, nahiz legea ez ezagutu, beraiek bihurtzen dira beren buruarentzat lege.
Izan ere, legearen errealitatea beren bihotzetan idatzia daukatela erakusten dute, beren kontzientziak aitortzen duen bezala, batzuetan salatu egiten baititu eta besteetan zuritu.
Zuk, bada, besteri irakasten diozun horrek, nola ez diozu irakasten zeure buruari? Ez dela ostu behar hots egiten duzun horrek, zergatik osten duzu zeuk?
Adulteriorik ez dela egin behar esan, eta zeuk egiten duzu adulterioa! Sasijainkoak higuingarriak direla esan, eta tratuan jarduten duzu haien jauretxeetan!
Eta, gorputzez erdaingabea izan arren, legea betetzen duenak epaituko zaitu zu, zeure lege-liburu eta erdainkuntza guztiekin legea betetzen ez duzun hori.
Benetako judua barrutik da eta benetako erdainkuntza bihotzekoa, Espirituak egiten duena eta ez idatzitako legeak. Hau da, gizakiak ez, baina Jainkoak aintzat hartzen duena.