Adibidez, emaztea senarra bizi den bitartean bakarrik dago legez senarrari lotua. Senarra hiltzen denean, ordea, ezkontza-legetik askatua gelditzen da.
Horregatik, senarra bizi den bitartean beste gizon batekin elkartzen den emaztea adulteriogile bihurtzen da. Senarra hilez gero, berriz, ezkontza-legetik askatua gelditzen da eta ez da adulteriogile, beste gizon batekin elkartu arren.
Horrela bada, ene senideok, zuek ere hil zen Kristoren gorputzeko eginak izan zaretenez gero, legearentzat hilda zaudete, eta beste batenak zarete jadanik —hildakoen artetik piztu zenarenak, alegia—, Jainkoarentzat fruitu onak emateko.
Baina orain, lotuak gintuen legearentzat hilak gaudelarik, legetik aske gaude; horrela, Espirituaren bizi berriaren arabera zerbitza dezakegu Jauna, eta ez lege idatziaren arau zaharraren arabera.
Horrekin zer esan nahi dugu? Legea bekatu dela? Ez horixe! Hala ere, legearen bidez bakarrik ezagutu nuen bekatua. Gutizia zer den ez nukeen jakingo legeak hau esan ez balu: Ez gutiziatu.
Orduan, ona zen hura heriotza-bide gertatu ote zitzaidan? Ez! Hil, bekatuak hil ninduen; baina bekatua bekatu bezala azaltzeko, berez ona zen aginduaz baliatu zen. Horrela, aginduari esker agertu da bete-betean bekatuaren kaltegarritasuna.
baina neure gorputzean beste lege bat ikusten dut, nire adimenaren legeari borroka egiten diona, eta niregan ari den bekatuaren lege horrek preso hartua nauka.
Jainkoak, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. Eskerrak berari! Honela bada, adimenaren aldetik Jainkoaren legea dut zerbitzatzen; gizon ahul naizen aldetik, berriz, bekatuaren legea.