Nor ibili da inoiz gerran beretik ordainduta? Nork landatzen du mahastia eta gero beronen fruituetatik jaten ez? Nork bazkatzen du artaldea eta ardien esnetik edaten ez?
Ala ez ote dio hori guregatik, hain zuzen? Jakina, bada, guregatik dagoela idatzia. Izan ere, bai lurra lantzen duenak, bai gari jotzen ari denak, fruituan bere partea izango duen itxaropenez egin behar du lan.
Beste batzuek zuen ondasunetan parte izateko eskubidea baldin badute, askoz handiagoa guk. Hala ere, ez gara baliatu eskubide horretaz; bestela baizik, den guztia jasan izan dugu, Kristoren berri onari oztoporik ez jartzeagatik.
Ez al dakizue, eginkizun sakratuetan jarduten dutenek tenplua izaten dutela mantenu-bide, eta aldarean zerbitzatzen dutenek aldarean eskaintzen diren oparietatik hartzen dutela beren partea?
Baina nik ez dut eskubide horretaz baliatu nahi izan; eta orain ere, hau idazten badizuet, ez da hori lortu nahi dudalako. Nahiago nuke hil… Ez, ez dit inork harrotzeko bide hori kenduko.
Egiaz, berri ona hots egiten dudala-eta ezin naiz harrotu; ezinbesteko eginbehartzat jotzen baitut hori, eta errukarria ni, berri ona hots egingo ez banu!
Juduekin judu egin naiz, juduak irabazteko; Moisesen legepean bizi direnekin legepeko egin naiz, nahiz eta neu lege horren menpeko ez izan, legepean bizi direnak irabazteko.
Moisesen legea ezagutzen ez dutenekin, legea kontuan hartu gabe bizi izan naiz, legea ezagutzen ez dutenak irabazteko; ez, noski, Jainkoaren legerik onartzen ez dudalako, nire legea Kristo baita.