Goi-agerpen batek eraginda igo nintzen eta, hango zuzendariekin bakarrean bildurik, jentilen artean hots egiten dudan berri ona agertu nien; ez nuen nahi oraingo edo orduko nire ahaleginak alferrikako gertatzea.
Arazoa gezurrezko anaia batzuek sortu zuten: tartean sartu zitzaizkigun azpikeriaz, Jesu Kristori esker dugun askatasuna oztopatzeko eta gu berriro Moisesen legearen esklabo bihurtzeko.
Zuzendariei dagokienez —zer ziren edo zer ez ziren ez dit axola, Jainkoak ez baitio itxurari begiratzen —…, zuzendari horiek, bada, ez zidaten ezer ezarri.
Aintzat hartu zuten, bada, Jainkoak niri emandako dohaina, eta elkarteko zutabetzat hartuak ziren Santiago, Pedro eta Joanek eskua eman ziguten Bernaberi eta bioi elkartasun-seinaletzat: guk jentilen artean lan egingo genuen, eta haiek juduen artean.
Izan ere, Santiagoren aldeko batzuk etorri aurretik, ez zuen eragozpenik izaten judu ez zirenekin jateko; baina, haiek etorriz gero, atzera egin zuen eta bereiz egoten hasi zen, erdainkuntzaren aldeko zirenen beldurrez.
Beraz, berri onaren egiaren bidetik zuzen ez zebiltzala ohartu nintzenean, honela esan nion Pedrori denen aurrean: «Zu, judu izanik, jentil bezala bizi baldin bazara eta ez judu bezala, zergatik behartzen dituzu jentilak judu bezala bizitzera?»
Badakigu, hala ere, Jainkoak ez duela inor onartzen legea betetzeagatik, Jesu Kristogan sinesteagatik baizik. Eta guk Jesu Kristogan sinetsi dugu, Jainkoak Kristorenganako sinesmenari esker eta ez legeak agindua betetzeagatik onar gaitzan; izan ere, Jainkoak ez du inor legea betetzeagatik onartzen.
eta honezkero ez naiz ni bizi, Kristo bizi da niregan. Eta oraingo neure giza bizitza, maite izan ninduen eta bere bizia nire alde eskaini zuen Jainkoaren Semearenganako sinesmenean oinarriturik bizi dut.
Jainkoaren onginahia ez dut alferrikako bihurtu nahi. Baina Jainkoak legea betetzeagatik onartzen gaituela egia balitz, alferrik hila izango zen Kristo.