Jainkoak Espiritua eman eta zuen artean mirariak egiten dituenean, zuek legea bete izanagatik egiten al du, ala mezuari sinesmenez erantzun diozuelako?
Jainkoak jentilak sinesmenaren bidez onartuko zituela aldez aurretik ikusi zuen Liburu Santuak; horrela, aurrez adierazi zion Abrahami berri on hau: Zure bitartez bedeinkatuko ditut herri guztiak.
Legeko egintzetan oinarritzen direnak, berriz, madarikaziopean daude; hau dio, izan ere, Liburu Santuak: Madarikatua legeko liburuan idatzitako guztiak gogoan hartzen eta betetzen ez dituena.
Kristok legearen madarikaziotik askatu gaitu, bere burua guregatik madarikazio eginez, Liburu Santuak dioen bezala: Madarikatua habetik zintzilik dagoena.
Senideok, giza adibidez baliatuz mintzatuko natzaizue: giza mailako zerbait izan arren, behar bezala eginiko testamentua ezin du inork indargabetu, ezta berari ezer erantsi ere.
Horra, bada: Jainkoak agintzariak Abrahami eta beronen ondorengotzari egin zizkien. Ez da «ondorengoei» esaten, asko balira bezala, «zure ondorengotzari » baizik, bakar bati buruz ari delarik, hau da, Kristori buruz.
Hau esan nahi dut: Jainkoak behar bezala egindako ituna ezin zuen indargabetu laurehun eta hogeita hamar urte geroago agerturiko lege batek, agintzaria indarrik gabe utziz.
Jainkoak emango digun ondarea legearen esku balego, ez legoke agintzariaren esku; Jainkoak, ordea, dohainik eman zion Abrahami ondarea agintzariaren bidez.
Zertarako da, beraz, legea? Huts egiteak salatzeko erantsia izan zen, harik eta agintzaria egin zitzaion ondorengoa etorri arte: legea aingeruek aldarrikatu zuten Moisesen bitartez.
Baina Liburu Santuak dioenez, dena bekatupean gatibu dago, horrela, Jesu Kristogan sinesten dutenek sinesmenari esker har dezaten Jainkoak agindutakoa.
Ez da jadanik bereizketarik juduaren eta judu ez denaren artean, esklaboaren eta librearen artean, gizonezkoaren eta emakumezkoaren artean, zuek guztiok bat baitzarete Kristo Jesusengan.