Hona nola egingo duzuen: Jaunaren ohorez zorren barkamen-urtea aldarrikatzean, lagun hurkoari mailegu egin dionak barkatu egingo dio maileguz emana; ez du lagun hurko herritarra zorra itzultzera behartuko.
Jaunak zeuen Jainkoak ondasunez beteko zaituzte, berak hitzeman bezala: nazio askori mailegu egingo diozue, baina inori maileguz eskatu beharrik ez duzue izango; nazio ugari menderatuko duzue, baina zuek ez zaituzte inork menpean hartuko.
«Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldeko hiriren batean zuen herritarren bat behartsu bada, ez izan bihozgabe, ez laguntzarik ukatu senide behartsuari;
Ez dakizuela, gero, etor gogora pentsamendu zital hau: “Hurbil da zazpigarren urtea, zor guztiak barkatzen direnekoa”, herritar behartsuarekin zeken izan eta ezer eman gabe uzteko; zeren eta deiadar egingo baitio behartsuak Jaunari zuen aurka, eta bekatutzat hartuko zaizue zeuen jokabidea.
«Ez da herrian behartsurik faltako; horregatik agintzen dizuet zeuen herritarrekin, zeuen ardurapean dituzuen dohakabe eta behartsuekin, eskuzabal izateko.
«Zeuen herritar hebrearren batek, gizonezko nahiz emakumezko, bere burua halabeharrez esklabotzat saltzen badizue, sei urtez egingo du lan zuentzat, baina zazpigarrenean libre utziko duzue.
«Ez damu izan esklaboa libre utzi beharraz, sei urtez zuentzat lan eginez, jornalariak irabazten duen etekina halako bi eman baitizue, eta Jaunak zeuen Jainkoak bedeinkatu egingo zaituzte zeuen eginkizun guztietan.
«Abere handi nahiz txikien lehen-kume arrak Jaunari zeuen Jainkoari sagaratuko dizkiozue; ez duzue lanean erabiliko zeuen behien lehen-kumerik, ezta ilerik moztuko ere ardien lehen-kumeari.
bizi zareten hirian bertan jango duzue; denek jan ahal izango dute, baita legez garbi ez dagoenak ere, ehizakia —gazela nahiz oreina— jan ohi den bezala.