«Amondarrek eta moabdarrek ez dute esku hartuko Jaunaren batzarrean, ezta haien ondorengoek ere sekula, ezta hamargarren belaunaldia igaro ondoren ere;
izan ere, Egiptotik irten eta honako bidean, ez zitzaizkizuen ogia eta ura eskaintzera atera; moabdarrek, gainera, Beor-en seme Balaam alokatu zuten eta Mesopotamiako Petor hiritik etorrarazi, zuek madarikatzeko.
Leku santua izan behar du kanpalekuak, bertan baitabil Jauna zuen Jainkoa, zuek babestu eta etsaiak zuen esku jartzeko. Eta zuen artean ezer lotsagarririk ikusiko balu, alde egingo lizueke.
Ez eraman prostituzioan ateratako dirurik Jaunaren zeuen Jainkoaren tenplura botoren bat betetzeko eskaintza gisa, higuingarri baitzaio Jaunari zuen Jainkoari, bai gizonezkoen, bai emakumezkoen prostituzioa.
Atzerritarrari, bai, eskatu ahal izango dizkiozue interesak, baina ez herritarrari, Jaunak zeuen Jainkoak eginkizun guztietan bedeinka zaitzaten jabetzan hartzera zoazten lurraldean.
«Jaunari zeuen Jainkoari botoren bat egiten badiozue, luzatu gabe beteko duzue; luzamendutan ibiliz gero, kontu estua eskatuko dizue Jaunak zeuen Jainkoak, eta errudun bihurtuko zarete.