Izan ere, gu baikara egiaz erdainduak, giza mailako gauzetan uste ona jarri gabe Jainkoa Espirituaren eraginez gurtzen dugunok eta Kristo Jesusengan harrotzen garenok.
Eta hori, nik ere badudalarik giza mailako gauzetan uste ona jartzeko arrazoia. Norbaitek gauza horietan uste ona jar dezakeela pentsatzen badu, nik gehiago:
jaio eta zortzi egunera erdaindu ninduten; jatorriz israeldarra naiz, Benjaminen leinukoa, hebrear-hebrearra; legea ulertzeko moduari dagokionez, fariseua;
Eta are gehiago, nire ustetan deusek ere ez du ezer balio Kristo Jesus ene Jauna ezagutzearen dohain paregabearen aldean. Kristorengatik dena galdu dut eta dena zaborraren pareko jotzen dut, hura irabaztearren
eta harekin bat eginik bizitzearren. Ez dut neurez salbatu nahi, legea betetzetik datorren salbamenaz, alegia, Kristorengan sinestetik datorrenaz baizik, Jainkoak sinesmenaren bidez ematen didan salbamenaz, alegia.
Ez dut esan nahi hori lortu dudanik edota helmugara heldu naizenik; baina lehia bizian ari naiz ea eskuratzen dudan, Kristo Jesusek ni neu beretzat eskuratu ninduenez gero.