Haiek adorez bete daitezen ari naiz horrela eta, maitasunean bat eginik, Jainkoaren asmo ezkutua den Kristo bere aberastasun osoan ulertzera eta sakon ezagutzera hel daitezen.
Begira, gero, inork pentsaera eta argudio hutsalez engaina ez zaitzaten; horiek giza pentsamoldearen ondorio dira eta munduan agintzen duten indarretan oinarrituak daude, eta ez Kristorengan.
Bataioaren bidez Kristorekin lurperatuak izan zarete eta piztu ere, berarekin piztu zarete, bera hildakoen artetik piztu zuen Jainko ahaltsuagan sinetsi duzuelako.
Garai batean, hilda zeundeten zeuen bekatuengatik eta zeuen bekatuzko izaeragatik; baina Jainkoak biziarazi egin zaituzte Kristorekin batera, bekatu guztiak barkaturik.
Ez zaitzatela gaitzets apal-itxuran agertu eta aingeruen kultua atsegin duten horiek; ikuskarietan murgiltzen dira eta beren giza burutapen ergelez harropuzturik dabiltza.
Halakoak ez daude buru den Kristorekin loturik, eta Kristo da, hain zuzen, buru bezala, lokailu eta junturen bitartez gorputz osoa elkarlotzen duena eta, Jainkoak nahi bezala, hazarazten duena.
Egia esan, irakatsi horiek badute jakinduri tankera, erlijiotasunaz, apalkuntzaz eta gorputza gogor hartzeaz ari baitira; baina ez dute ezertarako balio, norberekeria asetzeko ez bada.