Oroit zaitezte preso daudenez, zuek ere haiekin batera preso bazeundete bezala; oroitu tratu txarrez erabiliez, zuek ere, haiek bezala, gorputza duzue eta.
Ez zaitzatela edozein eratako doktrina arrotzek lilura. Garrantzizkoena Jainkoaren dohainaz barrutik sendotzea da, eta ez janariei buruzko arauez arduratzea, hauek ez baitiete ezer onik ekarri bete dituztenei.
Izan ere, juduen apaiz nagusiak santutegi barrura eramaten du barkamen-oparitzat eskainitako abereen odola; baina abere horien gorputzak kanpalekutik kanpora erretzen dira.
Egin zeuen zuzendarien esanak eta izan horien menpeko, zuetaz arduratzen baitira eta zuen kontu eman beharko baitiote Jainkoari; horrela, beren egitekoa atseginez bete ahal izango dute eta ez marmarka; honek ez lizueke inolako onik ekarriko.
Bakea ematen duen Jainkoari egiten diot otoitz zuen alde. Berak piztu zuen hildakoen artetik Jesus gure Jauna, betiko ituna ezartzeko bere odola isuri eta ardien Artzain handi bihurtu zena.
Bakearen Jainkoak gai egin zaitzatela egite on ororen bidez haren nahia betetzeko; burutu dezala guregan berari atsegin zaion guztia Jesu Kristoren bidez. Aintza beroni menderen mendetan! Amen.