Melkisedek hau, Salemgo errege eta goi-goiko Jainkoaren apaiza zen. Bidera atera zitzaion Abrahami, erregeak garaitu ondoren itzulbidetik zetorrela, eta bedeinkatu egin zuen.
Abrahamek guduan harrapatutako guztiaren hamarrenak eman zizkion orduan. Alde batetik, Melkisedek izenak «Justizi errege» esan nahi du; eta, bestetik, Salemgo errege zen, hau da, «Bake-errege».
Liburu Santuan ez da aipatzen haren aitarik, ez amarik, ez jatorririk, ez jaiotzarik, ez heriotzarik; horrela, Jainkoaren Semearen antzera betiko dirau apaiz.
Moisesen legearen arabera, apaizgoa hartzen duten Lebiren ondorengoek herriarengandik jaso behar dituzte hamarrenak, hau da, beren senideengandik, hauek ere Abrahamen jatorrikoak direlarik.
Melkisedekek, ordea, jatorri berekoa izan gabe, Abrahamengandik jaso zituen hamarrenak eta, gainera, Jainkoaren agintzariak hartuak zituen Abraham bedeinkatu egin zuen.
Hemen, gure artean, hamarrenak jasotzen dituzten lebitarrak gizon hilkor dira; baina harako Melkisedek hura bizirik dagoela aitortzen dute Liburu Santuek.
Eta nolabait esan daiteke, Abrahamen bitartez, orain bere ondorengoen bidez hamarrenak jasotzen dituen Lebik berak eman zizkiola hamarrenak Melkisedeki;
Lebitar apaizgoa herriari eman zitzaion legearen oinarrian zegoen. Beraz, lebitar apaizgoa Jainkoarekiko harreman betea lortzeko gai izan balitz, ez zen beharrezko izango beste apaiz bat sortzea, ez Aaronen antzera, baizik Melkisedeken antzera apaiz dena.
honek ez du, beste apaiz nagusiek bezala, lehenengo bere bekatuengatik eta gero herriarenengatik egunero opariak eskaini beharrik, behin betiko egin baitzuen hori, bere burua opari eskaini zuenean.
Legeak, izan ere, gizon ahulak izendatzen ditu apaiz nagusi; baina legea baino geroago etorri zen Jainkoaren zin-hitzak Semea izendatzen du apaiz nagusi, betidanik bete-beteko dena.