Herdoilak jota daude zuen urre-zilarrak, eta herdoil hori izango duzue lekuko zeuen kontra, eta suak bezalaxe jango du zuen haragia. Auzi aurreko azkenak diren egunotan pilatu dituzue aberastasunak.
Zuen soroetako uzta bildu zuten langileei ordaindu ez zenieten soldata deiadarka ari da, eta igitarien oihua Jaun ahalguztidunaren belarrietaraino iritsi da.
Beraz, senideok, izan pazientzia Jauna etorri arte. Begira nekazariari: lurraren fruitu ederraren zain egoten da eta pazientziaz itxaroten ditu sasoian sasoiko euriak.
Zoriontsu aitortzen ditugu horrelako eroapena izan zutenak. Ezaguna duzue Joben eroapena, eta badakizue nolako azkena eman zion Jaunak; Jauna, izan ere, bihozbera eta errukiorra baita.
Baina batez ere, senideok, ez egin zinik, ez zeruarengatik, ez lurrarengatik, ezta beste edozergatik ere. Zuek esan «bai», bai denean, eta «ez», ez denean, Jainkoak kondena ez zaitzaten.
Gu bezalako gizakia zen Elias ere, baina sutsu egin zuen otoitz euririk egin ez zezan, eta hiru urtez eta sei hilabetez ez zuen lurraren gainera euririk egin.