Beraz, Kristok bere gorputzean sufritu zuenez, hartu zuek ere armatzat pentsaera berbera, jakinik gorputzean sufritu duenak bekatuarekiko lotura hautsi egin duela,
Horregatik hots egin zitzaien berri ona hildakoei ere, gizakiari dagokion epaia gorputzean hartu ondoren, Espirituaren indarrez Jainkoaren biziaz bizi zitezen.
Nork bere dohaina hartu du Jainkoarengandik. Jar itzazue guztiok zeuen dohainak besteen zerbitzura, Jainkoaren hainbat eratako dohainen administratzaile zintzo bezala.
Hitz egiteko dohaina duenak adieraz dezala Jainkoaren hitza. Zerbitzuren bat duenak bete dezala Jainkoak ematen dion indarraz, gauza guztietan Jainkoa goratua izan dadin Jesu Kristoren bidez. Beroni aintza eta ahalmena menderen mendetan! Amen.
Iritsi baita Jainkoaren auzia hasteko garaia, eta Jainkoaren familiatik bertatik hasiko da. Eta auzia gurekin hasten bada, zein izango ote da Jainkoaren berri ona sinesten ez dutenen azkena?