Seme-alabatxook, bekaturik egin ez dezazuen idazten dizuet hau. Baina, norbaitek bekatu egiten badu, badugu Laguntzailea Aitaren aurrean: zuzena den Jesu Kristo.
Hala ere, adierazten dizuedan agindua berria da; hori egia dela Kristorengan eta zuengan agertzen da, desagertzen ari baita iluna eta argi egiten du jadanik egiazko argiak.
Zuei, seme-alaboi, diotsuet: Ezagutzen duzue Aita. Zuei, gurasooi, diotsuet: Ezagutzen duzue hasieratik zen hura. Zuei, gazteoi, diotsuet: Indartsu zarete eta Jainkoaren mezua zuengan tinko dago eta garaitu duzue gaiztoa.
Izan ere, munduan dagoen guztia —grina txarrak, begietatik sartzen denaren gutizia eta aberastasunen harrokeria — ez dator Aitarengandik, mundutik baizik.
Seme-alabok, azken ordua da. Entzuna duzue antikristoak etorri behar duela. Hara bada, antikristo asko agertu da dagoeneko, eta hori da azken orduaren seinalea.
Gure artetik atera dira, baina ez ziren benetan gutarrak. Gutarrak izan balira, gurekin jarraituko zuketen. Alabaina, argi gelditu behar zuen guztiak ez zirela gutarrak.
Baina zuei dagokizuenez, Jesusengandik hartu duzuen Espirituak zuengan irauten du eta ez duzue inork irakatsi beharrik, zeren haren Espirituak dena irakasten baitizue, eta irakaspen hau egiazkoa da eta ez gezurrezkoa. Beraz, hark irakatsiaren arabera, zaudete Kristorekin bat eginda.
Beraz, semetxook, zaudete Kristorekin bat eginda, bera agertzean konfiantza osoa izan dezagun, eta etorriko denean, lotsaturik, harengandik urrun geldi ez gaitezen.