Bere isatsez zeruko izarren herena herrestan hartu eta lurrera jaurti zuen. Herensugea, haurra izateko zegoen emakumearen aitzinean gelditu zen, jaio bezain laster semea irensteko.
Bota egin zuten, beraz, herensuge handia, antzinako sugea, deabru eta Satanas deritzana, mundu guztia engainatzen duena; lurrera bota zuten bere aingeruekin batera.
Orduan, ahots handia entzun nuen zeruan esaten: «Orain etorri da gure Jainkoaren salbamena, indarra eta erregetza eta beraren Mesiasen agintea; bota baitute gure senideen salatzailea, gau eta egun Jainkoaren aurrean salatzen zituena.
Poztu, beraz, zeruak eta bertan bizi zaretenok. Errukarriak, ordea, zuek, lur-itsasook, zuengana jaitsi baita deabrua amorru biziz, denbora gutxirako dela jakinik».
Baina bi arrano-hego handi eman zizkioten emakumeari hegan basamortura joan zedin, han, sugearengandik urrun, hiru urte eta erdiz bizitzeko prestatua zuen tokira.
Orduan, herensugea, emakumearen aurka amorraturik, beronen gainerako ondorengoak borrokatzera joan zen, Jainkoaren aginduak bete eta Jesusen testigantza leial egiten dutenak, alegia.