haren epaiak egiazkoak eta zuzenak baitira. Kondenatu du emagaldu handia, bere prostituzioaz mundua usteltzen zuena, eta beraren bizkar mendekatu du bere zerbitzarien heriotza».
Eta jendetza handiarena bezalako zarata-hotsa, ur handien eta trumoi indartsuen burrunba zirudiena, entzun nuen esaten: «Aleluia! Errege izaten hasia da Jauna, gure Jainko ahalguztiduna.
Gero, aingeruak esan zidan: «Idatzi: Zorionekoak Bildotsaren eztei-otordura deituak!» Eta erantsi zuen: «Jainkoaren hitzak dira hauek, egiazko hitzak».
Orduan, aingeruaren oinetara ahuspeztu nintzen bera gurtzeko; baina esan zidan: «Kontuz, ez egin horrelakorik; ni ere zerbitzari naiz, zu eta Jesusen testigu leial diren zure senideak bezala. Jainkoa gurtu behar duzu». Izan ere, Jesusen testigu izatea eta profetagintzarako espiritua edukitzea gauza bera dira.
Zaldizkoaren ahotik ezpata zorrotza ateratzen zen, herriak zauritzeko: burdinazko makilaz gobernatuko ditu. Hark dolarea zapaldu eta Jainko ahalguztidunaren haserre biziaren zigor-ardoa aterako du.
Gero, aingeru bat ikusi nuen, eguzki gainean zutik, zeru goian zebiltzan hegazti guztiei ahots handiz oihuka: «Zatozte, bildu Jainkoaren otordu handirako;
jan errege, gudalburu eta gudari indartsuen haragia, zaldi eta zaldizkoen haragia, era guztietako jendearen, libre nahiz esklaboen, txiki nahiz handien, haragia».
Baina piztia harrapatua izan zen eta honekin batera sasiprofeta, piztiaren aurrean mirarizko seinaleak eginez, piztiaren marka hartu eta haren irudia gurtu zutenak liluratu zituena; biok, piztia eta sasiprofeta, sufrez sutan dagoen aintzirara jaurti zituzten bizirik.