Leizera bota, sarrera giltzaz itxi eta zigilatu egin zuen mila urteak bete arte, aurrerantzean herriak lilura ez zitzan; mila urteon ondoren, pixka baterako aske gelditu behar du.
Tronu batzuk ere ikusi nituen; haietan eseri zirenei epaitzeko ahalmena eman zien Jainkoak. Ikusi nituen Jesusen testigantza egiteagatik eta Jainkoaren hitza hots egiteagatik lepo eginikoak ere, hau da, piztia eta beronen irudia gurtu ez zituztenak eta haren marka beren bekoki eta eskuetan hartu ez zutenak. Hauek bizira itzuli ziren eta Mesiasekin errege izan ziren mila urtez.
Zorionekoak lehen piztuera honetan parte dutenak, Jainkoarenak baitira! Bigarren heriotzak ez du aginterik beraien gain, baizik eta Jainkoaren eta Mesiasen apaiz izango dira, eta beronekin errege mila urteetan.
Eta deabrua, haiek liluratu zituena, su eta sufrezko aintzirara jaurtia izan zen; hantxe daude piztia eta sasiprofeta ere. Gau eta egun oinazetuko dituzte han menderen mendetan.
Tronu handi zuri bat ikusi nuen, baita bertan eseria zegoena ere; beronen aurretik ihes egin zuten lurrak eta zeruak eta aztarnarik utzi gabe desagertu.
Eta hildakoak ikusi nituen, handi nahiz txiki, tronuaren aurrean zutik. Liburuak ireki zituzten; beste liburu bat ere ireki zuten, biziaren liburua; eta hildakoak liburuetan idatzirik zegoenaren arabera epaitu zituzten, bakoitza bere egintzen arabera.