Hiriko plaza erdian, ibaiaren bi ertzetan, bizia ematen duen zuhaitza zegoen; urtean hamabi uzta ematen zituen, hilean behin, eta zuhaitzaren hostoak herrientzat sendagai ziren.
Ez da aurrerantzean gaurik izango; ez dute kriseilu-argirik, ez eguzki-argirik beharko, Jainko Jaunak egingo baitie argi, eta errege izango dira menderen mendetan.
Aingeruak esan zidan: «Egiazkoak eta fidagarriak dira hitzok». Jaunak, profetak inspiratu zituen Jainkoak, bere aingerua bidali du, laster gertatzekoa dena bere zerbitzariei erakusteko.
Baina hark esan zidan: «Kontuz, ez egin horrelakorik; ni ere zerbitzari naiz, zu eta zure anaia profetak eta liburu honetako mezuari leial eusten diotenak bezalaxe. Jainkoa gurtu behar duzu».
Liburu honetako mezu profetikoa entzungo duenari hau jakinarazten diot: Honi inork ezer eransten badio, liburuan aipaturiko izurriak erantsiko dizkio Jainkoak berari.
Eta inork liburu profetiko honetako mezutik ezer kentzen badu, Jainkoak kendu egingo du bera liburuan azalduriko bizia ematen duen zuhaitzetik eta hiri santutik.