Rutek esan zion Noemiri: —Joan al naiteke sorora igitariek uzten dituzten garagarburuak biltzera? Aurkituko ahal dut bere ondoren biltzen utziko didanen bat! Noemik erantzun: —Zoaz, alaba.
Begira zein sailetara doazen biltzera eta joan beraien atzetik. Nire morroiei zuri bakean uzteko eskatu diet. Egarri zarenean, edan haiek betetako ur-ontzietatik.
Boozek erantzun: —Senarra hil zitzaizunez gero, amaginarrebarekin nola jokatu duzun kontatu didate: nola zeure aita-amak eta sorterria utzi eta aurrez ezagutzen ez zenuen herri batera etorri zaren.
Bazkal orduan Boozek esan zion Ruti: «Zatoz, hartzazu ogi-puska bat, busti saltsatan eta jan». Eseri zen, bada, Rut igitarien ondoan eta Boozek xigortutako ale eskutada bat eskaini zion. Hark asetzeraino jan zuen eta, halere, sobera geratu zitzaion.
Noemik galdegin zion: —Non aritu zara gaur garagar-biltzen? Noren soroan egin duzu lan? Jaunak bedeinka beza zutaz arduratu den hori. Rutek, orduan, Booz izeneko baten soroan lan egin zuela kontatu zion Noemiri.
Honek esan zion: —Jaunak bedeinka dezala gizon hori, Jaunak bere onginahia agertzen baitie biziei nahiz hilei. Booz —erantsi zuen— hurbileko ahaide dugu, legez gu zaintzeko ardura dutenetarikoa.
Beraz, Boozen morroiekin lan eginez eta garagarburuak bilduz aritu zen Rut, garagar eta gariaren uzta-biltzea bukatu arte. Eta amaginarrebarekin jarraitu zuen bizitzen.