Hartu zuen, orduan, Samuelek oliontzia eta Sauli burura isuri zion; gero, besarkatuz, esan zion: «Hara, Jaunak bere herri Israelen buruzagi gantzutu zaitu.
Gaur, nire ondotik joan ondoren, bi gizon aurkituko dituzu Rakelen hilobi ondoan, Benjaminen mugetan, Tzeltzahen. Honela mintzatuko zaizkizu: “Agertu dira bila zabiltzan astoak; aita astoez ahaztu eta zuetaz kezkatua dago, bere semea aurkitzeko zer egin ez dakiela”». Eta Samuelek jarraitu zuen:
«Jo aurrerantz eta, Taborreko arte-arbolaren aldamenera heltzean, Betelera bidean gora, Jainkoarengana doazen hiru gizaseme aurkituko dituzue: batak hiru antxume eramango ditu, besteak hiru opil eta hirugarrenak ardo-zahagia.
Joan gero Jainkoaren Gibeara, han baitaude filistearren agintariak. Hirira sartu orduko, muinotik beherantz datorren profeta-taldea ikusiko duzu; profeta-trantzean aztoraturik etorriko dira, salterio- eta danbolin-jotzaileak, txirula- eta zitara-jotzaileak aurretik dituztela.
Jaitsi gero nire aurretik Gilgalera. Ni ere jaitsiko naiz zure ondoren, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaintzera. Egon nire zain zazpi egunez, harik eta nik, etorririk, zer egin behar duzun adierazi arte».
Samuelen ondotik abiatzeko, bizkarra eman orduko, Jainkoak aldatu egin zuen Saulen bihotza, eta aurreikusitako zantzu haiek guztiak gertatu ziren egun hartan.
Handik Gibeara zihoazelarik, hara non datorkien profeta-taldea. Hartu zuen Saul Jaunaren espirituak eta, besteekin batera, profeta-trantzean jarri zen bera ere.
Aspalditik ezagutzen zutenek, profetekin batera profeta-trantzean ikusi zutenean, honela ziotsoten elkarri: —Zer gertatzen ote zaio Kixen semeari? Saul ere profeta artean?
eta honela mintzatu zitzaien israeldarrei: «Hona zer dioen Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik atera nuen Israel Egiptotik, eta nik askatu zintuztedan, zapaltzen zintuzteten egiptoar eta gainerako erreinu guztien menpetik.
Zuek, aldiz, gutxietsi egin duzue orain zeuen Jainkoa, berak gaitz eta atsekabe orotatik salbatu zaituzten arren. Honela diozue: “Utikan! Emaguzu erregea!” Jar zaitezte, bada, Jaunaren aurrean leinuka eta senitarteka».
Hurbilarazi zuen Benjaminen leinua senitarteka eta, zotz eginik, Matriren senitarteari atera zitzaion, eta, hauen artean, Kixen seme Sauli. Hasi ziren Saulen bila, baina ez zuten aurkitzen.
Joan ziren lasterka eta atera egin zuten handik. Jendearen artean zutiarazi eta denetan garaiena zen Saul, sorbaldaraino heltzen zitzaion beste jende guztia.
Samuel, orduan, honela mintzatu zitzaion herri osoari: —Ikusten al duzue nor aukeratu duen Jaunak? Herri osoan ez da hau bezalakorik. Herri osoak, aho batez, oihukatu zuen: —Gora erregea!
Samuelek, orduan, erregetzaren eskubideak zein ziren adierazi zion herriari; idatzi zituen liburuan eta toki sakratu batean Jaunaren aurrean utzi zuen liburua. Ondoren, Samuelek bidali egin zuen herri osoa, nor bere etxera.
Baina beste maltzur-gaizto batzuek honela zioten: «Zera salbatuko gaitu horrek!» Eta muzin egin zioten; ez zioten esku-erakutsirik batere eraman. Saulek, berriz, ez entzunarena egin zien.