Davidek, orduan, kontsulta egin zion Jaunari: —Joango al naiz filistearrak menderatzera? Jaunak erantzun zion Davidi: —Zoaz, menderatuko baitituzu filistearrak eta askatuko Keila.
Davidekin zeuden gizonek, ordea, esaten zioten: —Hemen Judan beldurrez bagaude, zer izango ote da Keilara filistear taldeen kontra borrokara joaten bagara?
Abiatu zen, bada, David bere gizonekin Keilarantz eta oldartu zitzaien filistearrei. Haien abere-taldeak hartu eta izugarrizko sarraskia egin zien. Horrela salbatu zituen Davidek Keilako bizilagunak.
David Keilara etorria zelako berria eman ziotelarik, esan zuen Saulek: «Eskuetara eman dit Jaunak; bere burua giltzapetu du horrek, ate eta morroilodun hirian sartuz».
Ondoren, Davidek otoitz egin zuen: —Jauna, Israelen Jainkoa, Saul Keilara datorrela eta niregatik hiria hondatzeko asmotan dela entzun dut nik, zure morroi honek.
Haren esku utziko al naute Keilako bizilagunek? Egiaz jaitsiko al da Saul, nik, zure morroi honek, entzun dudan bezala? Jauna, Israelen Jainkoa, adierazi zeure zerbitzari honi. —Jaitsiko da, bai —erantzun zion Jaunak.
Orduan, David eta beronen gizonak, seiehunen bat, Keilatik atera eta noraezean ibili ziren. Davidek Keilatik ihes egin zuela adierazi ziotenean, Saulek bertan behera utzi zuen hara joateko asmoa.
David basamortura joan zen bizitzera, hango haitzarteetara, eta Zif basamortuko mendietan gelditu zen. Egunero zebilen Saul Daviden bila, baina Jainkoak ez zuen David haren eskuetara eman.
esanez: «Ez izan beldur. Ez zaitu harrapatuko gure aita Saulek. Israelgo errege izango zara, eta ni bigarren, zure hurrengo. Gure aita Saulek berak ere badaki hori».
Zifeko batzuek Gibeara igo eta esan zioten Sauli: —Ez al dakizu David gure artean gordetzen dela, Horexeko haitzarteetan, basamortuaren hegoalderantz dagoen Hakila mendixkan?
Aztertu eta jakin zein ingurutan dagoen gordea eta itzuli niregana, non dabilen ziur jakinez. Gero, zuekin joango naiz. Inguru horietan baldin bada, Judako senitarte guztietan ibiliko naiz berorren bila.
Saul bere gizonekin Daviden bila hasi zen. Horren berri izatean, David haitzartera jaitsi eta Maon eremuan gelditu zen. Saul ere, hori jakitean, Maon eremuan barrena abiatu zen, Daviden ondoren.
Saul mendi-malda batetik zihoan; David, berriz, bere gizonekin beste maldatik. David lasterka zihoan, Saulengandik ihesi. Saul bere gizonekin David eta beronen gizonak inguratzen ari zen, harrapatzeko.
Hala, Daviden ondoren ibiltzeari utzi eta filistearrei aurre egitera itzuli zen Saul. Horregatik deritza toki hari Sela-Hamahlekot, hau da, «Bereizte-harkaitza ».