Hiru egunen buruan, David Tziklagera heldu zen bere gizonekin. Baina amalektarrek eraso egina zieten Negev eskualdeari eta Tziklag hiriari; Tziklagi hondatu eta su eman zioten;
Davidek estuasun handia izan zuen, harrika emango ziola baitzioen jendeak; hain atsekabetuak zeuden, izan ere, gizonak beren seme-alabengatik. Davidek, orduan, bere Jainko Jaunarengandik hartu zuen indarra.
Honela egin zion kontsulta Davidek Jaunari: —Joango al naiz lapur-talde horren ondoren? Harrapatuko ote ditut? Jaunak erantzun: —Zoaz ondoren! Horixe harrapatuko dituzula eta askatuko zutarrak!
piku-opil puska bat eta bi mahaspasa-mordo ere eman zizkioten. Jan zituen eta indarrak hartu, hiru gau eta hiru egun ogirik jan gabe eta urik edan gabe baitzegoen.
Davidek galdetu zion, orduan: —Norena zara eta nongoa? Mutilak erantzun: —Egiptoarra nauzu, amalektar baten esklaboa. Nagusiak utzi egin ninduen duela hiru egun, gaixotu egin bainintzen.
Davidek galdetu zion: —Gida al nazakezu lapur-talde horrengana? Mutilak erantzun: —Egidazu zin Jainkoarengatik ez nauzula hilko, ezta ene jabearen esku utziko ere, eta gidatuko zaitut lapur-talde horrengana.
Horrela, bada, gidatu zituen. Landan sakabanaturik aurkitu zituzten jan-edanean, filistearrei eta Judakoei lapurturiko harrapakinen ugariagatik jai egiten.
Biharamunean, egunsentitik ilunabarrera oldartu zitzaien David; ezin izan zuen batek ere ihes egin, gamelu gainera igo eta ihesi joan ziren laurehun gazteek izan ezik.
Gero, berrehun gizonengana, nekaturik zeudelako berari jarraitu ezinik Besor ibarrean utzi zituen haiengana, itzuli zen David. Hauek bidera irten zitzaizkien Davidi eta beronekin zetorren jendeari. Davidek hurbildu eta bake-agurra egin zien.
Davidekin erasora joanak ziren baina maltzur eta zikoitz zirenek esan zuten: —Horiek ez dira gurekin etorri. Ez diegu harrapakinetarik ezer ere emango, beren emazte eta seme-alabak izan ezik. Har ditzatela eta doazela!
Davidek ihardetsi zuen: —Ez dezazuela horrelakorik egin, ene anaiok, Jaunak eman digunarekin! Zaindu egin gaitu; eraso zigun lapur-talde hura eskura eman digu.
Tziklagera heldu zenean, harrapakin haietarik zatiak bidali zizkien Davidek bere herrikide zituen Judako buruzagiei, esanez: «Hartzazue emaitza hau, Jaunaren etsaiei kendu dizkiegun harrapakinetarik».