Etorri ziren, beraz, Kiriat-Jearimgoak eta igo zuten Jaunaren kutxa. Abinadabek muinoan zuen etxean sartu zuten. Ondoren, honen seme Eleazar sagaratu zuten, Jaunaren kutxa zaintzeko.
Orduan, honela mintzatu zitzaion Samuel Israel herri osoari: «Jaunarengana bihotz-bihotzez itzuli nahi baduzue, jaurti zeuen artetik sasijainko arrotz guztiak eta Astarteren irudiak; bizi zaitezte Jaunari zeharo emanak eta ez zerbitza bera besterik. Askatuko zaituzte orduan filistearren eskuetatik».
Bildu ziren, bada, Mitzpan. Atera zuten ura eta isuri zuten Jaunaren aitzinean. Egun hartan, barau eginez, hau zioten: «Bekatu egin dugu Jaunaren aurka». Samuel israeldarren buruzagi egin zen Mitzpan.
Filistearren buruzagiek, israeldarrak Mitzpan bilduak zeudela jakitean, israeldarrei erasotzea erabaki zuten. Hauek, ohartzean, beldurtu egin ziren filistearren aurrean,
Samuel erre-oparia eskaintzen ari zen bitartean, filistearrak israeldarren aurka borroka egiteko hurbildu ziren. Orduan, Jaunak burrunba handiko trumoiak egin zituen filistearren kontra, izutu eta hondatu egin zituen israeldarren aurrean.
Samuelek, harri bat harturik, Mitzpa eta Xen artean ipini zuen; toki hari Eben-Ezer, hau da, «Laguntza-Harria» eman zion izena, esanez: «Honaino lagundu digu Jaunak».
Honela makurrarazi zieten burua filistearrei; joan zitzaien, bai, Israel lurraldean berriro sartzeko gogoa. Izan ere, Samuel bizi izan zen bitartean, gogorra izan zen Jaunaren eskua filistearren kontra.
Israelenak izan ziren berriro lehen filistearrek kenduriko hiriak, Ekrondik Gateraino, eta askatu egin zituen Israelek bere eskualde haiek filistearren menpetik. Israeldarrak eta amortarrak ere bakean bizi ziren beren artean aldi hartan.