La Bible en un an

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
2. «Israelgo lehen-seme guztiak, nola gizakiak hala abereak, sagaratuko dizkidazu, nireak baitira».
3. Moisesek esan zion herriari: «Gogoan izan egun honetan irten zaretela Egiptotik, esklabotzatik, ahalmen handiz atera baitzaituzte bertatik Jaunak. Beraz, ez duzue legamiadun ogirik jango.
4. Abib hilaren egun honetan irteten zarete.
5. Laster eramango zaituzte Jaunak, zuen arbasoei zin eginez agindu zien lurraldera, esnea eta eztia darizkion lurraldera, hots, kanaandar, hitita, amortar, hibiar eta jebustarren lurraldera. Hori gertatzean, Abib hil honetantxe ospatuko duzue jai hau.
6. «Zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue, eta zazpigarrenean festa ospatuko duzue Jaunaren ohorez.
7. Bai, zazpi egun horietan legamia gabeko ogia jango duzue; zuen lurralde osoan ez da legamiarik, ez legamiadun ogirik, izango.
8. «Egun honetan esango diezue zeuen seme-alabei: Egiptotik irtetean Jaunak gure alde egin zuenarengatik ospatzen dugu jai hau.
9. «Gogora ekarriko duzue orduan, Jaunak ahalmen handiz atera zintuztela Egiptotik. Jai hau eskumuturrean edo bekokian ipintzen diren seinale eta oroigarrien gisako izango duzue, Jaunaren legea beti ezpainetan izan dezazuen.
10. Horregatik, erabaki hau urtero beteko duzue ezarritako egunean.
11. «Zeuei eta zuen arbasoei hitzeman bezala, Jaunak Kanaan lurraldera eraman eta lurraren jabe egingo zaituztenean,
12. zuen lehen-semeak oro eta lehen abere-kume arrak Jaunari eskainiko dizkiozue, berarenak baitira:
13. lehen-astakumea arkume edo antxume batekin trukatuko duzue; trukatzen ez baduzue, hil egingo duzue, lepoa hautsiz. «Lehen-semea, ordea, beti berreskuratuko duzue, ordezko eskaintza eginez.
14. Bihar edo etzi zuen seme-alabek honek guztiak zer esan nahi duen galdetzean, hau erantzungo diezue: “Jaunak ahalmen handiz atera gintuen Egiptotik, esklabotzatik.
15. Faraoiak irtetea galarazten zigulako, Jaunak hil egin zituen Egiptoko lehen-semeak eta lehen abere-kumeak; horregatik hil eta eskaintzen dizkiogu lehenbizi sorturiko abere arrak, eta lehen-semeak geuretzat berreskuratzen ditugu, ordezko eskaintza eginez”.
16. Beraz, ohikune hau eskumuturrean edo bekokian ipintzen diren seinaleen gisako izango duzue, Jaunak ahalmen handiz Egiptotik atera zaituztela oroitarazteko».
17. Faraoiak israeldar herriari irteten utzi zionean, Jainkoak ez zuen filistearren lurralderako bidetik eraman, nahiz eta motzena hura izan, borroka egin beharrean aurkituz gero, herriak Egiptora itzuli nahiko zuela uste baitzuen.
18. Horregatik, Itsaso Gorrira daraman basamortuko bidetik itzulia eginarazi zien. Israeldarrak gudaroste baten gisa irten ziren Egiptotik.
19. Moisesek Joseren hezurrak jaso zituen, Josek Israelen semeei zin-hitz hau eginarazi baitzien: «Egiaz, esku hartuko du Jainkoak zuen alde; orduan, eramatzazue nire hezurrak hemendik».
20. Israeldarrak Sukotetik irten eta Etamen, basamortu ertzean, kokatu ziren.
21. Jauna aurretik zihoakien: egun-argiz laino-adarrean, bidean gidatzeko; gauez su-adarrean, argi egiteko. Honela, egunez zein gauez ibili ahal izan ziren.
22. Ez ziren aldendu haiengandik, ez laino-adarra egunez, ez eta su-adarra gauez.
1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
2. «Agindu israeldarrei itzultzeko eta Pi-Hiroten aurrean kokatzeko, Migdol eta itsasoaren artean, hau da, Baal-Tzefonen parean, itsasertzean.
3. Faraoiak uste izango du basamortuak bidea ixten diela eta israeldarrak noraezean dabiltzala.
4. Nik setatsu bihurtuko dut faraoia eta eraso egingo dizue; orduan erakutsiko dut neure ahalmen handia faraoiaren eta beraren gudarostearen kontura, eta horrela jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna». Hala egin zuten israeldarrek.
5. Bitartean, israeldarrek ihes egin zutela Egiptoko erregeari jakinarazi ziotenean, faraoiak eta funtzionarioek, israeldarrekiko erabakiaz damuturik, honela ziotsoten elkarri: «Baina zer egin dugu? Nola utzi diegu geure esklabo israeldarrei alde egiten?»
6. Berehala, faraoiak bere guda-gurdia prestarazi zuen eta gudarostea bildu:
7. seiehun guda-gurdi berezi eta Egiptoko guda-gurdi guztiak eraman zituen, bakoitzean gudalburu bat zihoala.
8. Jaunak setatsu bihurtu zuen faraoia eta honek eraso egin zien israeldarrei, hauek libre ateratzen ziren bitartean.
9. Egiptoarrak israeldarrei erasotzera atera ziren beren zaldi, gurdi, zaldun eta gudaroste osoaz, eta itsasbazterrean harrapatu zituzten, Pi-Hiroten ondoan, Baal-Tzefonen parean.
10. Faraoia hurbil zen. Israeldarrak, egiptoarrak atzean zituztela ohartzean, izutu eta oihuka hasi zitzaizkion Jaunari.
11. Moisesi esan zioten: —Ez ote zegoen hilobirik aski Egipton, gu handik atera eta basamortuan hiltzera ekartzeko? Zergatik atera gaituzu Egiptotik?
12. Hain zuzen, hauxe eskatu genizun Egipton geundela: «Utzi egiptoarrentzat lanean jarraitzen. Hobe dugu hemen esklabo izan, basamortuan hil baino».
13. Baina Moisesek erantzun zien: —Ez izan beldur! Eutsi eta ikusiko duzue nola salbatzen gaituen gaur Jaunak: zeren orain ikusten dituzuen egiptoarrak ez dituzue gaurgero ikusiko.
14. Jauna borrokatuko da zuen alde. Zuek egon lasai!
15. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Zergatik ari zatzaizkit oihuka? Agindu israeldarrei egiteko aurrera.
16. Eta zuk altxa makila eta luzatu eskua itsaso gainera: banatu egingo da itsasoa eta herriak oinak busti gabe zeharkatuko du.
17. Nik setatsu bihurtuko ditut egiptoarrak eta atzetik segituko dizuete; orduan agertuko dut neure ahalmen handia faraoiaren eta beraren gudarostearen kontura, haien gurdi eta zaldunen kontura.
18. Hori gertatzean, jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna».
19. Israeldarren kanpamendu aurretik zihoan Jainkoaren aingerua atzealdera pasatu zen; laino-adarra ere lekuz aldatu eta atzealdean kokatu zen,
20. israeldarren eta egiptoarren kanpamenduen tartean jarriz. Lainoa ilunpe bihurtu zen egiptoarrentzat, israeldarrei gaua argitzen zien bitartean; hala, ez ziren batzuek besteengana hurbildu.
21. Luzatu zuen Moisesek eskua itsaso gainera eta, Jaunak eraginda, ekialdeko haize indartsuak jo zuen gau osoan. Haizeak itsasoa lehortu egin zuen, urak bi multzotan banatuz.
22. Itsasoan zabaldutako lehor-bidetik igaro ziren israeldarrak, urak ezker-eskuin zituztela harresi gisa.
23. Egiptoarrak, faraoiaren zaldi, gurdi eta zaldun guztiak, israeldarrei erasoka itsas erdiraino sartu ziren.
24. Goizaldera, su- eta laino-adarretik Jaunak egiptoarren kanpamendura begiratu eta nahasmendua sorrarazi zuen haien artean.
25. Gurdien gurpilak trabatu zituen, nekez mugitzen zirela utziz. Orduan, egiptoarrek esan zuten: «Goazen ihesi israeldarrengandik, Jauna ari baita haien alde eta gure aurka».
26. Baina Jaunak esan zion Moisesi: «Luzatu eskua itsaso gainera, urak egiptoarren gainera, gurdi eta zaldunen gainera, eror daitezen».
27. Luzatu zuen Moisesek eskua itsaso gainera. Eguna zabaltzean, urak ohiko lekura itzuli ziren eta egiptoarrek, ihesian, urekin tupust egin zuten: Jaunak itsas hondora amildu zituen egiptoarrak.
28. Beren lekura itzultzean, urek estali egin zituzten, israeldarrei erasoka itsasoan sartu ziren faraoiaren gurdi eta zaldunak, gudaroste osoa: ez zen bakar bat ere bizirik atera.
29. Israeldarrak, ordea, itsas erditik oinik busti gabe igaro ziren, urak ezker-eskuin zituztela harresi gisa.
30. Egun hartan Jaunak egiptoarren eskuetatik salbatu zituen israeldarrak eta hauek egiptoarren gorpuak ikusi zituzten itsasbazterrean.
31. Jaunak Egiptoren aurka erabili zuen ahalmen handia ikusirik, israeldarrek begirune izan zioten Jaunari, eta harengan eta haren zerbitzari Moisesengan beren uste ona jarri zuten.
13. Haren aurreko distiraz, tximista eta sugarrezko ikatz gori bihurtzen ziren hodeiak.
14. Ortzitik trumoia joarazi zuen Jaunak, deiadar egin Goi-goikoak: tximista eta ikatz goriak sugarretan!
15. Geziak jaurtiz sakabanatu zituen, tximista eginez ihes eragin.
16. Itsas hondoa agertu zen, lurraren oinarriak agerian jarri Jaunaren orroaz, haren haserre-ziztuaz.
17. Goitik eskua luzatuz hartu ninduen eta uholdetik atera.
18. Etsai indartsuagandik salbatu ninduen, ni baino indartsuago ziren arerioengandik.
19. Lur joa nengoenean eraso zidaten, baina Jauna izan nuen euskarri.
6. Zoaz inurriagana, alfer hori! Begira nola jokatzen duen, eta ikasi.
7. Ez dio inork lana agintzen, zuzentzen edo betearazten.
8. Halere, bere ogia ziurtatzen du udan, eta jatekoa pilatzen uzta-garaian.
9. Noiz arte egongo zara etzanda, alfer hori? Noiz itzartuko zeure loalditik?
10. Aldika lozorroan, aldika erdi lo, aldika besoak uztartu eta atsedenean:
11. arlotea bezala iritsiko zaizu gabezia, eskalea bezala etorriko miseria.
1. Jerusalemera hurbildu zirenean, Oliamendi inguruko Betfage herrixkara iritsirik, bi ikasle bidali zituen Jesusek,
2. esanez: «Zoazte aurreko herrixka horretara; berehala, asteme bat aurkituko duzue lotuta, eta astakume bat harekin; askatu eta ekarri niri.
3. Eta inork ezer esaten badizue, erantzun: “Jaunak behar ditu, baina berehala itzuliko ditu”».
4. Hori Jainkoak profetaren bidez esana bete zedin gertatu zen:
5. Esan Sion hiri ederrari: Hara, badatorkizu zeure erregea, apal eta astotxo baten gainean, astakume baten gainean.
6. Joan ziren, bada, ikasleak eta Jesusek agindu bezala egin zuten.
7. Astemea eta astakumea ekarri eta beren jantziak bizkarrean ezarri zizkieten, eta Jesus gainean eseri zen.
8. Askok eta askok jantziak zabaldu zituzten bidean; beste batzuek, berriz, zuhaitzei adaxkak moztu eta bidean hedatu zituzten.
9. Aurretik eta atzetik zihoan jendeak honela zioen oihuka: «Hosanna Daviden Semeari! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Gora Jainko gorena! »
10. Jesus Jerusalemen sartu zenean, hiri osoak, asaldaturik, galdetzen zuen: —Nor dugu hau?
11. Jendeak erantzuten zuen: —Jesus profeta da, Galileako Nazaretekoa.
12. Jesus tenpluan sartu zen, eta bertan salerosketan ari ziren guztiak kanpora bota zituen eta diru-trukatzaileen eta uso-saltzaileen mahaiak irauli.
13. Eta esan zien: «Liburu Santuak dio: Nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, berriz, lapur-zulo egina duzue».
14. Tenpluan itsuak eta herrenak hurbildu zitzaizkion, eta sendatu egin zituen.
15. Baina apaizburuak eta lege-maisuak haserre bizian zeuden, Jesusek egiten zituen gauza harrigarriengatik eta haurrak tenpluan «Gora Daviden Semea!» oihuka ari zirelako.
16. Eta esan zioten: —Ez al duzu entzuten zer dioten horiek? Jesusek erantzun zien: —Bai. Eta zuek ez al duzue inoiz Liburu Santuko pasarte hau irakurri: Umetxoen eta bularreko haurtxoen ahotik atera duzu gorespena?
17. Eta haiek bertan utzi eta hiritik kanpora atera zen, Betaniara, eta han eman zuen gaua.
18. Biharamun goizean, berriro hirira zetorrela, Jesus gosetu egin zen.
19. Pikondo bat bide-bazterrean ikusirik, bertara hurbildu zen, baina ez zuen aurkitu han hostoa besterik. Orduan, pikondoari esan zion: «Ez bedi hiregandik gehiago fruiturik sor!» Eta bat-batean ihartu egin zen pikondoa.
20. Hori ikusirik, harritu egin ziren ikasleak eta galdetu zioten Jesusi: —Nolatan ihartu da bat-batean pikondoa?
21. Jesusek erantzun: —Benetan diotsuet: Zalantza gabeko sinesmena baldin baduzue, ez duzue pikondoarena bakarrik egingo; baizik eta «Ken hadi hortik eta amildu itsasora» mendi honi esaten badiozue, halaxe gertatuko da.
22. Otoitzean sinesmenez eskatzen duzuen edozer gauza lortuko duzue.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)